Eguzkipean, festa biribila Askizun

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 9a

Sanmartinetan dira Getariako auzoan, eta giro paregabea sortu da gaur eguerdi partean. Asteburuaz gozatu ondoren, asteartean segiko dute festan, San Martin egunean.

Jende ugari ibili da gaur eguerdi partean Getariako Askizu auzoan. Ez zen giro autoak aparkatzeko, eta hori, getariar asko oinez bertaratu direla herrigunetik, tipi-tapa tipi-tapa. Izan ere, horretarako eguraldi aproposa suertatu da gaurkoan. Eguna umeentzako Iagomagoren magia ikuskizunarekin abiatu dute, eta ondoren, herri kirol erakustaldia egin dute: Eneko Saralegi ibili da aizkoran, eta Lierni Osa eta Udane Ostolaza, berriz, harri jasotzen.

Txosnan ez da falta izan txorixo egosi pintxorik eta edari freskorik, eta elkartean ere bildu da jendea, lasai eserita hamaiketakoa egiteko.

Ostiral gauean murgildu ziren sanmartinetan, mus txapelketa eginda, eta atzo, berriz, auzo afaria egin zuten, eta ondoren, erromeria izan en Izer eta Alabier trikitilariekin. Asteartean jarraituko dute jaiekin, San Martin eguna ospatzeko. 10:00 izango da goiz eresia Gazte Alaiak txistulariekin, 11:00etan meza ospatuko dute, eta ondoren, txakolin dastaketa izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide