Idazleek aukera paregabea izango dute beren sormen lana Getarian gauzatzeko. Herriko zein inguruko auzoetako ostalaritza guneetan egonaldia egiteko eta irudimena lantzeko parada eskainiko diete berriro ere idazleei. Aurten, gainera, berrikuntza bat izango du deialdiak. Izan ere, Lesakako Udalarekin (Nafarroa) batera antolatu du Getariako Udalak deialdi berria, eta, era horretan, bi herrien arteko lankidetza sustatuko dute, "bi herrietako turismo baliabideak idazleen eskura jarriz".
2026. urteari dagokin deialdiaren berri eman zuten Lesakako zein Getariako udalek atzo goizean Nafarroako herrian egindako agerraldian. Bertan izan ziren Lesakako alkate Ladis Satrustegi, Getariako alkate Haritz Alberdi, bi udalerrietako kultur teknikariak –Eneko Fernandez eta Ekaitz Esteban– eta Uxue Alberdi proiektuaren sustatzaileetako bat.
Aipatu herrietako apartamentu, hotel eta ostatu jabeekin lankidetzan abiatutako egitasmoaren bidez, urtean bost idazlek egin ahal izango dituzte sormen egonaldiak Getarian edo Lesakan. Agerraldian esandakoaren arabera, "herrietako turismo baliabideak idazleen zerbitzura" jarriko dituzte, "haiek euren sormen lana kontzentratuta eta distrakziorik gabe egiteko aukera izan dezaten".
Aurten, Getariako hiru ostatuk eta Lesakako bik parte hartuko dute egitasmoan: Getariako San Prudentzio hotelak, Saiaz hotelak eta Katukale apartamentuak, eta Lesakako Pikukoborda eta Ekaitza ostatuek. Egonaldi horiez baliatu ahal izango dira euskal idazleak, izan literaturgileak, kazetariak edo gidoilariak, "euskarazko idatzizko sormen lan bat garatzeko". Sormen lan horiek fikziozkoak edo ez-fikziozkoak izan daitezke.
Deialdian parte hartzeko interesa duten idazleek abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera, kultura@getaria.eus helbidera bidalita eta mezuaren gaian Idazleentzako egonaldiak jarrita. Aurkeztutako proiektuen artean hautaketa egin eta gero, 2026ko urtarrilean jarriko dira harremanetan hautatutako idazleekin.