Askizuko aparkalekua txukundu eta antolatu du Getariako Udalak

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 5a

Askizuko aparkalekua txukundu eta antolatu du Getariako Udalak. (utzitakoa)

Guztira karabanentzako lau aparkaleku eta bestelako ibilgailu txikiagoentzako zortzi aparkaleku ipini dituzte, horietako bat mugikortasun murriztua dutenentzat, hain zuzen.

Duela urte batzuk, auzotarren proposamenen harira, ibilgailuak "era ordenatuan" aparkatzeko eremua egokitu zuten Askizuko frontoiaren atzean. Horrez gain, hondakinen bilketarako puntua bat ere ezarri zen bertan, eremuari erabilera "irekia eta publikoa" emanez. 

Getariako Udalak 2021. urtean zehar egoera hori erregulatze aldera, eta espazioa bereganatzeko asmoarekin, elizarekin hartu emana hasi zuen. Haritz Alberdi Getariako alkateak azaldu duenez, nekazaritzako ingeniari tekniko bati eskatu zitzaion lurraren balorazio bat egitea, eta aurten lurrak elizari erosi (31.627,2 euro) eta eremu guztia (2396 m2) erabilpen publikorako herriratu dituzte.

Orain, jabetza publikoa denez, aparkalekua txukundu eta ordenatzeko lanak egin dituzte. Guztira karabanentzako lau aparkaleku eta bestelako ibilgailu txikiagoentzako zortzi aparkaleku ipini dituzte, horietako bat mugikortasun murriztua dutenentzat, hain zuzen.

Askizu-San Prudentzioko saneamendu lanetan udalarekin egon den ulermenari esker, Marizkurrena izan da esku hartzea burutu duena. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide