Berdintasun arloan "aurrerapauso nabarmena" eman nahi du EH Bilduk udal aurrekontuetan

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 4a

EH Bilduko udal taldea, Turismo Bulego zaharrean. (Getariako EH Bildu)

"Lanerako lehen proposamena" aurkeztu du udalean gehiengoa duen alderdiak. Besteak beste, gazte eta kultur eragileentzako "espazio autogestionatua" izango den Turismo Bulego zaharra egokitzeko 200.000 euroko diru partida aurreikusi du. Bestalde, EAJren udal taldearen jarrera kritikatu du, "uko egin diolako aurrekontua elkarrekin osatzeko proposamenari". 

EH Bilduk du gehiengoa Getariako Udalean, eta 2026ko udal aurrekontuen "lanerako lehen proposamena" egin du alderdi horren udal taldeak: 5,4 milioi euroko aurrekontua da. Berdintasun politiketan "aurrerapauso nabarmena" ematea da alderdiaren asmoetako bat, eta azpimarratu du "getariarrek herrian duin bizitzen segitzeko inbertsioak" egingo dituela.

EH Bilduk nabarmendu du "herritarren ekarpenak eta aurrekontuaren lanketan jasotako ideiak oinarri hartuta" egin duela aurrekontuen zirriborroa, eta lan ildo nagusiei buruzko hainbat xehetasun azaldu ditu prentsa ohar bidez.

Bestalde, Getariako EAJren udal taldearen jarrera kritikatu du: "EAJren jarrera ulergaitza izan da. EH Bilduk urtero egin ohi duen bezala, 2026ko aurrekontua elkarrekin osatzeko eskua luzatu zion irailaren 23ko udal batzordean. Beren proposamenak hamar-hamabost eguneko epean Udal Gobernuari helaraztea proposatu zitzaien, aurrekontua denen artean hasieratik osatze aldera. Hilabete igaro arren, ordea, EAJk ez du inongo proposamenik egin, eta, horrenbestez, 2026an Getariak aurrekontuak izan ditzan, EH Bilduk bere ideiak eta herritarren ekarpenak oinarri hartuta osatu du lehen proposamena", azaldu du. EAJk egunotan kaleratu du bere proposamena, baina EH Bilduk berea publiko egin ondoren.

Espazio autogestionatuarentzat 200.000 euro

Gazte eta kultur eragileentzako "espazio autogestionatua" izango da EH Bilduren 2026ko udal aurrekontuetako proiektu nagusietako bat. 2025eko udal aurrekontuetan 224.000 euro bideratu zituzten, eta 2026an beste 200.000 euro aurreikusi dituzte "Turismo Bulego zaharrean egingo den obra burutzeko". Alderdiak azpimarratu du proiektua "gazte eta musika eragileekin batera diseinatu" dela, "parte hartzerako espazio bizia sortzeko helburuarekin".

Hirigintzarekin lotuta, "etorkizuneko proiektuen idazketak ere lekua izango du aurrekontuetan": 30.000 euro bideratuko dituzte Merkeko plazaren eta Balentziaga kalearen arteko igogailuaren proiektua idazteko, eta 80.000 euro Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) lanketarekin jarraitzeko. Era horretan, herriaren garapen estrategikoan jarri nahi dute "fokua".

Hezkuntza eta jolas parkeak

Hezkuntza arloan, eskolako azpiegiturak hobetuko dituzte, "hala nola fatxada, teilatuko beluxa eta Haur Hezkuntzako ur-jolasa berrituz". Guztira 120.000 euro bideratuko dituzte lan horietara.

Parke eta aisialdirako guneetan ere hobekuntzak egiteko asmoa azaldu du EH Bilduren udal taldeak, 40.000 euroko partidarekin. "Gainera, haurren eskaerari erantzunez, tirolina bat jarriko da (16.000 euro), eta skate-park berria egitea ere aurreikusi da (39.000 euro), aisialdi osasuntsua eta irisgarria sustatzea helburu".

Berdintasua eta ingurumena

Esan bezala, berdintasun politiketan "aurrerapauso nabarmena" eman nahi dituzte, 52.300 euroko partida aurreikusita —"aurreko urtean baino 31.300 euro gehiago"—. Diru horrekin, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa idatziko dute, surf lokaleko emakumeentzako dutxak egokitu, eta Getariako emakumeek historian izan duten rola ikertzeko beka sustatu.

"Ingurumenaren eta biodibertsitatearen aldeko konpromisoa" ere "nabarmena" da aurrekontu proposamenean. San Anton mendian esku hartzeak egiteko 75.000 euro bideratuko dituztela iragarri dute, gehiago zehaztu gabe, eta herriko argiteria LED sistemara egokitzeko, 20.000 euro.

Beste arlo batzuk

Auzoetan "azken urteetako inbertsio handienak" egitea aurreikusi dute, guztira 100.000 euroko aurrekontuarekin. Eitzan eta Meagan hiru herri bide konponduko dituzte (70.000 euroko kostua izango dute), eta Askizun, aisialdi gune berri bat egingo dute (30.000 euroko aurrekontua du). Era berean, 12.000 euro bideratuko dituzte gazteei alokairuarekin laguntzeko.

Herri identitatea eta kultura transmisioa lantzen jarraitzeko, 3.000 euro bideratuko dituzte haurrentzako Izan arrantzale egitasmora, eta 18.300 euro, herriko beste txoko batean mural berria margotzera. Azkenik, 12.000 euro aurreikusi dituzte Artzaperen 25. urteurrena eta Getariako Arraun Elkartearen 50. urteurrenak ospatzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide