Zeregin anitzeko bi langile kontratatuko ditu Getariako Udalak sei hilabeterako

Onintza Lete Arrieta 2025eko urriaren 29a

Udal brigadako langile bat, udaletxe inguruan, laneko ibilgailu baten ondoan. (Getariako Udala)

Enplegua sustatzeko tokiko ekintzen 2025ko deialdiaren barruko eskaintza da, eta izena emateko epea ostiral honetan amaituko da.

Getariako Udalak udal brigadarako bi langile kontratatuko ditu sei hilabeterako, enplegua sustatzeko tokiko ekintzen 2025ko deialdiaren barruan. Izena emateko epea ostiral honetan amaituko da, eta interesatuek Lanbideren bitartez eman behar dute izena, esteka honetan.

Udalak jakinarazi du postua eskuratu ahal izateko hainbat baldintza bete beharko direla ezinbestean: langabezian egotea; gutxienez 18 urte izatea; Urola Kosta gune funtzionalean erroldatuta egotea; B gidabaimena edukitzea; eta euskarazko B1 maila edukitzea.

Honako ezaugarri hauek, berriz, ez dira nahitaezkoak izango, baina udalak kontuan hartuko ditu: esperientzia edukitzea; Getarian erroldatuta egotea; eta familia kargak edukitzea.

Soldata eta ordutegia

Brigadan lan egiteko aukera lortzen dutenek, dena ondo bidean, azaroan bertan ekingo diote lanari.

Udalaren kontratua sei hilabetekoa izango da, eta lanaldi osoan ariko dira, goizez, 07:00etan hasi eta 14:00 arte. Trukean jasoko duten soldata gordinaren kopurua ere jakinarazi du udalak: 1.774,40 eurokoa izango da hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide