Aho batez aurrera egin du Eskualtxetan alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko plan bereziak. EH Bilduk eta EAJk atzo arratsaldean egindako ezohiko udalbatzarrean jorratu zuten gaia, eta behin behineko onespena eman zioten bi alderdien aldeko botoekin. Orain, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu beharko du plana, prozedura hori jarraitzen baita 7.000 biztanletik beherako herriekin.
Duela hiru urte inguru abiatu zuen Getariako Udalak Eskualtxetan alokairurako etxebizitza sozialak eraikitzeko planaren azterketa. Baina, proiektua aurrera eramateko plan berezi bat idatzi behar izan zuten aurrena. Krean enpresa arduratu da horren idazketaz, eta behin eginda, uztaileko udalbatzarrean hasierako onespena eman zitzaion. Azken hilabeteotan herritarren eskura egon da proiektua, baina udalak jakitera eman duenez, ez dute alegaziorik jaso.
Planaren arabera, hogei bizitokiko eraikina egingo dute Eskualtxetan: horietatik %40 gazteei zuzendua izango da, eta bost urterako alokairua eskainiko zaie. Gainerakoak etxebizitza falta eta behar bereziak dituzten herritarrei bideratuta egongo dira, baita tratu txarrak jasan dituzten emakumeei ere. Horrez aparte, beheko solairuan garajeak ere egingo dituzte: orotara, hogei garaje inguru egiteko aukera eskaintzen du eremuak.
Igogailu berria
Etxebizitzak eta garajeak eraikitzeko proiektua ez ezik, udalak igogailu berri bat egiteko plana ere badu eskuartean. Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko ditu igogailu publiko horrek, eta udalaren esanetan, haren aurreproiektua idatzita dago jada. Herritarrekin bi bilera egin dituzte denbora honetan, bertaratutakoen iritziak jasotzeko eta, ahal den heinean, planean txertatzeko.
Hori hala, dena ondo bidean, datorren urtean lizitatuko du Eskualtxetako etxebizitzen proiektua Eusko Jaurlaritzak, eta horrekin batera ekingo dio udalak igogailuaren proiektua idazteari; horretarako, 30.000 euro bideratuko dituzte datorren urteko aurrekontuetara.