Beste urte batez, herriko haurrak izango dira asteburuan protagonista, Alkate Txiki Eguneko egitaraua tarteko. Atzo arratsaldean ekin zioten Tonpe guraso elkarteak antolatutako festari, aginte makilaren aldaketa eta udalbatzarrarekin. Aldi berean, Menditxoko haur parkea inauguratu zuten, berritze lanak egin ostean.
Pleno aretora igo baino dezente lehenago ikus zitezkeen ikusle gaztetxoenak ilaran udaletxe aurrean, eta, bitartean, barruan zeuden zain alkate berria eta zinegotziak: Haize Subijana, Izaro Ezenarro, Unai Azkue, Goiatz Garay, Kai Domingo eta Maddi Irizar.
Behin ateak irekita, korrika eta presaka hartu zuten ikusleek beren lekua pleno aretoan, eta espazioa goraino beteta ekin zioten lehen ilarako haurrek beren eskaerak egiteari: piraten parkean iturria jartzea, herria urte guztian apaintzea, txalupa ikastaroa jartzea, pirata parkea estaltzea, frontoi txikiko zuloak konpontzea, eskola kanpoan patineteen aparkalekua jartzea... Lehenago, baina, Haritz Alberdik Subijanara eskaini zion "herriaren ardura". Hori amaituta, Menditxoko haur parkea inauguratu zuten, berritze lanak amaitu eta gero, eta eguna ondo baino hobeto amaitu zuten pregoiaren irakurketarekin eta buruhandiekin.
Larunbatarekin batera, jarraipena izango du festak. Hona hemen gaurko egitaraua:
Urriak 25, larunbata
- 17:00. Kulki elkartearen eskutik hainbat joko egingo dute frontoian. Euria eginez gero, kiroldegian egingo dituzte jolasak.
- Jarraian. Suziria botako dute eta buruhandiak ibiliko dira kalez kale, Pepita Enbil musika eskolako trikitilariekin batera.
- 20:00. Afaria egingo dute Berdura Plazan. Nork bere jana eraman beharko du.
- 21:00-23:00. Osto DJarekin, festa.