Menditxoko haur parkea inauguratuko dute bihar, Alkate Txiki Egunaren barruan

Onintza Lete Arrieta 2025eko urriaren 23a

2022ko Alkate Txiki Eguna. (Aitziber Arzallus)

Tonpe guraso elkarteak ekintzaz betetako bi egun antolatu ditu herriko txikienentzat. Ohi bezala, Getariako aginte makila hartu eta udalbatzarra eginez hasiko dute Alkate Txiki Eguna, bihar arratsaldean. 

Iritsi da Alkate Txiki Eguna Getariara. Tonpe guraso elkarteak antolatuta, ekintzaz betetako bi egun ospatuko dituzte Getariako herritar gazteenek ostiral eta larunbat honetan. Ohi bezala, ospakizuna herriko aginte makila hartu eta udalbatzarra eginez hasiko dute. Bihar arratsaldean izango da hori. Egitarau zabalaren barruan, Menditxoko haur parke berria ere inauguratuko dute.

Honakoa da Alkate Txiki eguneko egitarau osoa:

Urriak 24, ostirala

  • 18:30. Aginte makila hartu eta udalbatzarra izango da udaletxeko udalbatzar aretoan.
  • Ondoren. Menditxoko haur parkea inauguratuko dute Gazte Alaiak txistulari taldearen eta Gure Txeruko dantzarien parte hartzearekin.
  • Jarraian. Pregoia irakurri eta surizia jaurtiko dute udaletxeko balkoitik. Buruhandiak ibiliko dira kalez kale, baita Gazte Alaiak txistulari taldea ere.

Urriak 25, larunbata

  • 17:00. Kulki elkartearen eskutik hainbat joko egingo dute frontoian. Euria eginez gero, kiroldegian egingo dituzte jolasak.
  • Jarraian. Suziria botako dute eta buruhandiak ibiliko dira kalez kale, Pepita Enbil musika eskolako trikitilariekin batera.
  • 20:00. Afaria egingo dute Berdura Plazan. Nork bere jana eraman beharko du.
  • 21:00-23:00. Osto DJarekin, festa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide