Indauxtik Askizurako errepidea erabat itxiko dute bihar gauean

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 22a, 10:48

Askizu eta San Prudentzio auzoetara igotzeko bidegurutzea.

Osteguneko 22:00etatik ostiraleko 06:00 arte egongo da itxita errepidea, asfaltatze lanak egiteko. Izan ere, azken hilabeteetan hodiak sartu dituzte errepidean, saneamendu orokorreko lanak direla eta.

Askizutik hasi, San Prudentzio pasa eta Indauxko araztegiraino saneamendu orokorra egiten ari dira Getarian, eta bihar gauean errepidea erabat itxita egongo da asfaltatze lanak egiteko, 22:00etan hasi eta ostiraleko 06:00 arte. Hala iragarri du Getariako Udalak. Errepidea soilik Indaux enpresara arte egongo da zabalik; horko bidegurutzetik San Prudentzioko bidegurutzeraino egingo dituzte asfaltatze lanak.

Udalak azaldu du auzo horietako bizilagun guztiei etxera bidali dietela gutuna ostegun gaueko lanen berri emanez.

Zirkulazio handia

Mariezkurrena enpresak hainbat hodi sartu ditu bide osoan zehar martxotik hona. Askizutik San Prudentziora artekoak mendian sartu dituzte, baina gainerakoak, errepidean. Horregatik, orain, bidea asfaltatu behar dute.

Hasierako asmoa zen lan horiek igande honetan egitea, eta udalak hala jakinarazi zien bizilagunei, baina euri asko dago emanda egun horretarako, eta beraz, lanak aurreratzea erabaki du enpresak.

BIhar egunez egitekoak ziren lanok, baina udalak jakinarazi du aldundiari eskatu ziola lanak gauez egitea, egunez "zirkulazio handia" egoten delako errepide horretan: "Hotel eta mahasti asko dago, eta horrez gain bizikleta zale eta baserritar asko ibiltzen da gora eta behera". Gainera, "sarrera-irteera bakarra dauka errepide horrek". Zehaztu du Zumaia aldera badagoela irteera, baina "ez da ibilgailu guztientzat baleko errepidea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide