Getariako Udala urtero saiatzen da herriko txoko bat aukeratu eta inguru horri mural batekin bizitza ematen. Hainbat artistak lanketa egin dute azken boladan, gaitegi ezberdinak jorratuz, eta oraingoan, Wallart etxeko Aaron Diego artista bilbotarrak Amona izeneko horma irudia ondu du Haitze kaleko etxebizitza baten fatxadan.
"Eskaintza ezberdinak etortzen zaizkigu udalera, eta Diegok bere proposamena aurkeztu zigun iaz. Elkarrizketa egin ondoren, erabaki genuen Haitze kalean horma irudia egitea", aditzera eman du Getariako alkate Haritz Alberdik. Hain justu ere, herrian pasieran zebilen egun batez otu zitzaion ideia artista bilbotarrari: "Horma hura ikusi nuen, eta zinez interesgarria iruditu zitzaidan, bere jatorrizko formagatik, halako proiektu bat gauzatzeko. Beraz, hasiera-hasieratik oso garbi ikusi nuen leku horretan mural bat egin behar zela", gogora ekarri du Diegok.
Kokalekua ez ezik, egin nahi zuen irudia ere argi zuen artistak. "Amona itsasoari begira. Identitateari erantzuten dio irudi horrek, baina baita emakumearen lekukotasunari ere. Emakumeek espazio publikoan gero eta presentzia handiagoa izan dezaten bermatzen du, alegia. Helburu horri ere erantzuten dio", arrazoitu du alkateak.
Itsasoa eta iragana
Horma irudian agertzen den amona ez dago benetako pertsona batean oinarrituta; hutsetik sortutako marrazki bat da. Hala ere, lehorrean geratzen ziren arrantzale herrietako emakume haiei guztiei egindako omenaldia dela azpimarratu du Diegok: "Itsasoan eta iraganean pentsatzen hasten baldin bazara, baleontziak edo arrantzaren bizimodu gogor hura etortzen zaizkizu burura. Baina maiz ahantzi egiten zaizkizu etxean geratzen direnak, eta askotan haiek dira okerrago pasatzen dutenak, dena ongi ote doan jakin gabe, zain eta zain daudelako". Beraz, amonak sinbolizatzen du bizitzak zaildu duen emakumea, tentsiori eusten diona, bere gertukoak onik eta salbu itzuliko diren itxaropenik galdu gabe.
Urtebete iraun du prozesu osoak, nahiz eta gero murala bi astetan egin duen. Iraila amaieran hasi zen margotzen, eta urriaren 6an amaitu zuen zeregin hori. "Obra antolatzea asko kostatzen da, baina behin martxan jartzen zarenean, berehala osatzen duzu murala", dio artista bilbotarrak. Hogei urte daramatza muralgintzan, baina bere estiloa egokitu egin behar izan duela aditzera eman du, eta hori bistakoa da Getariako horma irudian.
"Moto istripu baten ondorioz, eskua hautsi nuen eta margotzeari utzi behar izan nion. Ondorioz, margotzeko modu ezberdinak ikertzen aritu nintzen, eta estilo berri hau topatu nuen. Oraindik garapen fasean dago, baina, printzipioz, trazu oso garbietan eta lerro bidezko testuretan oinarritzen da", jakitera eman du. Urrutitik begiratuta errealista dirudi Diegoren margotzeko moduak, baina gertutik irudia "nola eratuta dagoen" ikus daitekeela azaldu du hark, eta horrek "energia berezia" eragiten duenez, "dar-dar egiten" duela irudiak.
Harrera "ezin hobea"
Horma irudia egiten aritu den egunetan, herritarrak gerturatu zaizkiola eta haiei proiektuaren berri eman diela kontatu du artistak. "Esperientzia atsegina izan da. Izan ere, herri txikietan margotzea da gehien gustatzen zaidana, eta herritarrek ezin hobeto hartu naute. Gainera, etxebizitzako bizilagun Pepik ikaragarri zaindu nau. Oso eskertuta nago, benetan".
Iaz Menditxo parkeko horma margotu zuen Baluk; herriko sarreran dagoena Jone Alberdik egin zuen, genero parekidetasunaren alde; eta Udane Juaristik moilan eginikoa da beste horma irudi bat. Getaria erakusketa herri bihurtzen ari ote diren galdetzean, Alberdik argi du ez dela hori inolaz ere udalaren asmoa: "Gure helburua da Getariako txokoak getariarrek beren egitea, horiez gozatzea, irudiekin identifikatuta sentitzea eta txoko horiek zerbait transmitzitzea; kasu honetan, artearen bitartez".
Ildo beretik jarraitzeko nahia erakutsi du Getariako Udalak, eta dena ongi joango balitz, datorren urtean ere herriko beste espazio bat aukeratu nahiko lukete bestelako proposamen bat gauzatzeko beste artista batekin.
Aaron Diego artista horma irudia egiten. (Getariako Udala)