Laugarren urtez jarraian, Nazioarteko Jakien Azoka antolatu du Artzape elkarteak, Getarian. Atzo arratsaldean egin zuten egitasmoa herriko frontoian, eta, eguraldia lagun zela, jende ugari bertaratu zen pilotalekura, jatorri desberdineko herritarrek prestatutako jakiak dastatzeko asmoz.
Izan ere, azokaren xedea herritarren arteko harremanak estutzea da, baita kultura desberdinak gastronomiaren bidez ezagutzea ere. "Kanpoko getariarrek eta bertakoek elkar ezagutzea da azokaren helburua", nabarmendu zuen antolatzaileetako batek.
Getarian ordezkatuta dauden hamar herrialdetako 11 postu jarri zituzten atzoko azokan. Horietako bakoitzean herrialde jakin bateko jakiak jarri zituzten bisitarien eskura. Hain zuzen ere, Senegalgo, Nikaraguako, Costa Ricako, Hondurasko, Australiako, Kanadako, Boliviako, Errumaniako, Kubako eta Getariako gastronomia dastatzeko aukera izan zuten herritarrek atzokoan, plateraren trukean euro bat ordainduta.