Agintaldi erdiko balantzea egin du Getariako EAJren udal taldeak. Hedabideetara igorritako ohar batean, "elkarrizketarako borondatea" berretsi du, baina, aldi berean, EH Bilduren Udal Gobernua kritikatu du. Jeltzaleen arabera, gobernuak "planifikazio eta gardentasun falta" erakutsi du agintaldiko lehen bi urtetan hauetan. Gaineratu du "eztabaida sinbolikoetan eta agenda propioan" jarri dituela gobernuak ahaleginak, eta herriarentzako premiazko proiektuak eta beharrak direnak alde batera utzi dituela.
EAJren esanetan "kudeaketa arazo" ugari izan dira agintaldi lehen erdian, eta horien adibide batzuk eman nahi izan ditu. Hala, udal kiroldegiko estalkia eraikitzeko partida 2024ko udal aurrekontuetatik 2025ekora pasatu zutela diote jeltzaleek. "Finantzaketa azken unean onartu bada ere, likidazioak jarduketen %43 bakarrik gauzatu zirela erakusten du", dio udal taldeak oharrean.
Estrategikotzat jotzen dituzten proiektuetan "atzerapen eta gabezia kezkagarriak" pilatu direla ere salatu du EAJk. Alde Zaharra eta Balentziaga arteko igogailuak partidarik eta lizitazio egutegirik ez duela diote, "bi urteren ostean". Potzuaga Gaineko birpartzelazioa eta urbanizazioa "oraindik zirriborroan" dagoela gaineratu dute, eta Katrapunan "proiektu arkitektonikorik ez eguterik" ez dagoela ere azaldu dute jeltzaleek.
Horiekin batera, Getariak gazteentzako espaziorik gabe jarraitzen duela azpimarratu du EAJren udal taldeak, eta herriko gune batzuk "hondatze bidean" daudela ere adierazi du, "esku hartze egutegirik gabe".
Etxebizitza arazoa ere hizpide izan dute agintaldi erdiko balantzea egiterakoan. Alokairu sozialerako "etxebizitza huts bakar bat" merkaturatu ez izana egotzi diote EH Bilduren Udal Gobernuari. Arlo sozialari dagokionez, "bakarrik bizi diren adinekoentzako ekimenak oraindik zirriborroan daude". Auzoz auzoko mugikortasuna hobetzeko proposamenak, bere aldetik, "geldirik" daudela ere salatu du EAJk.
Lankidetza norabide aldaketa bada
Proiektuei ere tartea egin diete jeltzaleek oharrean, eta 650.000 eurotan baloratutako "proposamen zehatzak" plazaratu dituzte, hala nola, "ibilgailu elektrikoentzako karga azkarrak, kiroldegian plaka fotovoltaikoak, Zarautz Jauregiaren eraberritze integrala eta landa-bideen egokitzapena". Datozen bi urteetarako "bide orri argia" ere proposatu dute jeltzaleek.
Etorkizunera begira, Udal Gobernuak EAJren "lankidetza" izango duela iragarri du, beti ere, "gobernuak norabidea zuzentzen badu eta proiektu errealak proposatzen baditu". Bestela, aurrean izango gaitu", azpimarratu dute jeltzaleek.