Asteazkenetik igandera ospatuko dute Getariako Mendi Astea

Onintza Lete Arrieta 2025eko urriaren 13a

San Anton mendia, itsasaldetik, airetik ikusita. (Getariako Udala)

San Anton mendiari buruzko hitzaldi batekin hasiko da aurtengo egitaraua, eta Mendi Tourreko hiru filmen proiekzioarekin eta ondorengo solasaldiarekin amaituko da. Bisita gidatua ere egingo dute San Anton mendira. Hain zuzen, udalak lau panel berri jarri ditu mendi horri buruzko informazioarekin.

Iritsi da Getariako mendizaleentzako urteroko hitzorduetako bat: Mendi Astea. Aurtengoan hiru hitzordu prestatu dituzte asteazken honetatik igandera bitartean, horietako bi San Anton mendiarekin lotuta. Aurrenekoa, hain zuzen, San Anton bio monton izeneko hitzaldia izango da Joxepo Teres Arkamurka natur elkarteko eta Aranzadi zientzia elkarteko kidearen eskutik. Asteazkenean izango da, hilak 15, 18:30ean Iturzaetan. Bigarren hitzorduak ere protagonista berak izango ditu: San Anton mendia, eta Teres. Izan ere, bisita gidatua eskainiko du aditu zarauztarrak igande goizean. 10:00etan Herriko Plazan elkartuko dira, eta elkarrekin joango dira mendira, bertako fauna eta flora ezagutzera.

Arratsalde horretan bertan egingo dute Mendi Asteko azken ekitaldia, 18:00etan Iturzaetan: Bilboko Mendi Film Festivaleko hiru film emango dituzte Mendi Tour egitasmoaren barruan. Ohi bezala, proiekzioen ondoren solasaldia izango da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena behar da (aurrez Turismo Bulegoan eskura daitezke, eta egunean bertan, leihatilan, emanaldia baino ordubete lehenago). Honako filmak emango dituzte: Haize lerroak (2024ko Mendi Filmeko sail ofizialekoa,13 minutukoa); Zazpi (2024ko Mendi Filmeko Euskarazko Film Onena, 37 minutukoa); eta Peligro. No asomarse (2024ko Mendi Filmeko Bizkaia Ternua Beka, 48 minutukoa).

Aitor Elduaien kazetariak aurkeztuko du Getariako saioa, eta emanaldian izango da Zazpi filma egin duen Mikel Lizarralde ere. 

Panel berriak herrian

Mendi Asteari lotuta, Ekaitz Esteban alkateordeak azaldu du herrian lau panel berri jarri dituela udalak, horietako hiru San Anton mendian: bat behean, orokorra, lau panel horiek non dauden argitzen duen mapa batekin, beste bat bide erdian, eta beste bat itsasargian; azken panela, berriz, Ketarrin jarri dute, harraldeari begira. "Joxepo Teresek bertako fauna eta floraz egindako lanaren laburpena agertzen da paneletan. Testu eta irudi bidez jaso dugu, eta QR batekin aberastu dugu", zehaztu du.

Joan den astean jarri zituzten panelak, ostegunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide