Nazioarteko janarien azoka egingo dute aurten ere Getarian. Herritarrek prestatutako janarien bitartez, kultura desberdinak ezagutzeko aukera ematen duen jarduera da honakoa, eta aurtengoarekin laugarren aldia izango du. Aurreko urteetan bezala, Artzape Euskara Taldeak antolatuko du, Getariako Udalaren laguntzarekin. Urriaren 18an egingo dute, larunbatez, 18:30etik aurrera herriko frontoian.
Azokan parte hartuko duten herritarrek beraien jatorrizko herrialdeko janariren bat prestatu beharko dute, eta frontoira eraman, bertaratuko diren lagunek ondoren dasta ditzaten. Elkarrizketarako eta esperientziak partekatzeko aukera egokia dela ere azpimarratu dute Artzapeko antolatzaileek.
Urriaren 18an egingo duten jardueran parte hartu nahiko dutenek WhatsAppeko mezu bat bidali beharko dute 688 71 66 09 telefono zenbakira, edo posta elektronikoko info@artzape.eus helbidera.