Egoitz Aizpuru antzerki irakasleak, Getariako Udalarekin elkarlanean, antzerki inprobisatuko ikastaroa eskainiko du, gaur arratsaldean hasita. Formakuntza helduei zuzenduta dago, eta parte hartzeko ez da aurretiko esperientziarik behar. Gaur arratsaldean ate irekiak egingo dituzte Alondegian, ikastaroaren inguruan informazioa eskuratzeko eta interesa dutenek "esperientzia propio eta erreala bizi dezaten".
"Jarduera honen helburu nagusia istorioak taldean eta momentuan sortzea da, sormena eta elkarlanerako gaitasuna bultzatuz", azaldu du Aizpuruk. Ikastaroan hainbat teknika landuko dituzte, hala nola entzute aktiboa, irudimena askatzea, talde lana eta egoera ezberdinetara moldatzeko gaitasuna. "Saio praktikoen bidez, parte hartzaileek antzerkiaren oinarriak ezagutzeko aukera izango dute, eta komunikazio eta inprobisazio trebetasunak garatuko dituzte", gehitu du irakasleak.
Ikastaroa gaur arratsaldean hasiko da, eta saioak ostegunero izango dira, 18:45etik 20:45era bitartean, Alondegian. Informazioa eskuratzeko edo izena emateko, herritarrek 670-78 92 99 zenbakira dei dezakete.