Astelehenean abiatuko dituzte Sahatsaga kiroldegi kanpoan estalpea eraikitzeko lanak

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 12a, 08:00

Kiroldegi kanpoko estalpeak izango duen itxura. (Getariako Udala)

Getariako Udalak jakinarazi du obren iraupenaren zatirik handienean ezingo dela kiroldegi kanpoko kantxa erabili, eta jarduera guztiak eraikineko frontoian egin beharko direla.

Getariako Udalak jakinarazi du astelehenean hasiko direla Sahatsaga kiroldegiaren kanpoaldean estalpea eraikitzeko obrak, herrian erabilera anitzeko gune estali bat egon dadin. Sei hilabete inguru iraungo dute lanek, eta herritarrengan eta kiroldegiko erabiltzaileengan eragina izateaz gain, bereziki eragingo du eskolako egunerokotasunean. Izan ere, obren iraupenaren zatirik handienean ezingo da kiroldegi kanpoko kantxa erabili, eta jarduera guztiak eraikineko frontoian egin beharko dira.

Lanen zuzendaritzaz eta exekuzioaz ADI! Bulegoa eta Iparragirre Eraikuntzak enpresak arduratuko dira, eta udalak nabarmendu du "halako konplexutasuna duten lanak egiten esperientzia handiko bi lantalde" direla.

Une jakin batzuetan salbu, Sahatsagako sarbidea erabilgarri egongo da joan-etorrietarako, eta behar bezala babestuta. Nolanahi ere, joan-etorri orokorretarako Balentziaga museoaren atzealdeko pasabidea erabiltzea gomendatu dute udalak eta enpresek.

Bestalde, udala jakitun da lanek zenbait eragozpen sor ditzaketela; horrenbestez, azpimarratu nahi du "obran parte duten alderdi guztien aldetik, lanen eragina arintzeko behar diren neurri guztiak" hartuko dituztela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide