Larunbatean jokatuko dute herriko surf txapelketa Gaztetapen

Julene Sorarrain 2025ko ira. 11a, 12:10

Surflari gaztetxoak, txapelketaren iazko edizioan. (Gaztetape Surf Elkartea)

Adin guztietako herritarrei zuzenduta dago lehiaketa, eta izena emateko azken eguna gaur izango da. Txapelketaren ostean, parrillada eta DJ saioa eskainiko dituzte hondartza parean.

Gaztetape Surf Elkarteak, ohiko legez, herriko surf txapelketa antolatu du asteburu honetarako. Larunbat honetan izango da hitzordua, goizeko 09:00etatik aurrera, Gaztetape hondartzan, eta txapelketan izena emateko epea gaur amaituko da.

Aurrekari gisa, 2004. urtean sortu zuten surf elkartea, eta hasiera batean "lau katu" elkartzetik, poliki-poliki gorantz egin duen kluba bilakatu da. Hain zuzen ere, 135 bazkide ditu gaur egun, eta Getariak duen hondartza "txikirako", kide asko direla iritzi dute. Bazkide asko izan arren, neguan mugimendu gutxiago nabaritzen dute surflariek herriko hondartzan, eta ondorioz, "betikoak" aritzen dira surfean.

Udan, aldiz, beti "saltsa eta festa" dutela azpimarratu dute, eta saltsa horren "tontorra" surf txapelketa izan ohi da. "Surfa bakarrik egiten den jarduera da, eta bakoitza bere aldetik doa beti, baina txapelketa egunean, aldiz, elkarte osoa batzen gara eta giro ezinhobean pasatzen dugu eguna, Gaztetapeko olatuen artean", gehitu dute antolatzaileek. Hala, larunbat honetan goizeko 09:00 aldera elkartuko dira Gaztetapen antolakuntza lanekin hasteko, besteak beste, haimak muntatzeko, epaileen txandak antolatzeko edota gaueko afaria prestatzeko.

Txapelketari dagokionez, hainbat kategoriatan sailkatu dute: Sub 18, Open, Master, Bodyboard eta Longboard modalitateetan eman daiteke izena. Horiek ez ezik, gaztetxoentzako Txiki Surf maila ere egongo da, eta elkarteko kideen laguntza izango dute horiek uretan. Gainera, "aspaldiko partez", emakume askok ere izena eman dute aurtengo edizioan. "Uda honetan gogor aritu dira neskak, eta larunbatean erakutsiko dute ikasitako guztia". Gaztetapeko kideek azaldu dute "feeling ona" dutela aurten izena eman duten nesken kopurua ikusita, eta "oso gustura" daude beren parte hartzearekin.

Hori horrela, jardunaldia goizean goiz hasiko dute, eta arratsaldeko 18:00 aldera jokatuko dituzte finalak. Hala ere, eguerdi parean antolatzaileek prestatutako paellaz gozatzeko geldialdia egingo dute, indarrak berreskuratzeko.

Egunari amaiera emateko, parrillada eta DJ saioa eskainiko dituzte hondartza parean. Aipatu beharra da, antolatzaileak oraindik itsasoaren baldintzei begira daudela, eta txapelketa bertan behera geratuz gero, bi aste atzeratuko lukete hitzordua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide