Getariako parrokian ikusgai jarri dute Andre Mariaren XIV. mendeko irudi bat

Onintza Lete Arrieta 2025eko irailaren 8a

XIV. mendeko Andre Mariaren irudia, Getariako parrokiko horman. (Getariako Udala)

Duela bost urte inguru aurkitu zuten Salbatore Deuna parrokiko txoko batean, eta zaharberritu ondoren, ikusgai jarri dute. Edorta Kortadi Donostiako Elizbarrutiaren Museoko zuzendariaren arabera, "garrantzia eta balio historiko berezia duen pieza" da.

Getariako Udalak, Getariako parrokiarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Andre Maria amabirjinaren XIV. mendeko eskultura berreskuratu, eta parrokia barruan jarri du ikusgai, itsasoko atearen gainean.

Udalak ohar bidez azaldu duenez, irudia duela bost urte inguru azaldu zen Salbatore Deuna parrokiako txoko batean, eta 2022ko urtarrilean, Edorta Kortadi Donostiako Elizbarrutiaren Museoko zuzendariak eskultura ikuskatu eta aztertu zuen. Artearen Historian aditua da zuzendari hori, eta haren arabera, eskultura XIV. mendekoa da. "Kareharri grisezko eskultura bakarra da Gipuzkoan, Itziarren eta Irunen aurkitu direnak egurrezkoak baitira. Kortadiren iritziz, garrantzia eta balio historiko berezia duen pieza da, ziurrenik eliza eraiki zen garaikoa izango baita", azaldu du udalak.

Udal ordezkariak eta elizako komunitateko eta abesbatzako kideak, atzean Andra Mariaren irudia dutela. (Getariako Udala)

Behin eskultura aztertuta, Kortadik eskulturaren "egoera kezkagarria" zela eta irudia garbitu eta zaharberritzeko lanak egitea iradoki zuen txosten batean, eta horren aurrean,  "Getariako Udala eta aldundiko Ondare Historiko-artistikoaren arloa arduratu dira irudia aztertu, garbitu, babestu eta, orain, modu seguruan elizan jartzeaz".

Zaharberritze lanak zeregin horretan aditua den Carmen Martinek egin ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide