Eskualtxetan alokairu sozialeko 20 etxebizitza egiteko planari lehen onarpena eman dio Getariako udalbatzak

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 4a, 13:50

Getaria, herriaren goiko aldetik ikusita. (Getariako Udala)

Joan den astean egindako udalbatzarrean aho batez onartu zuten plana EH Bilduk eta EAJk. Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria idazteko 340.000 euroko partida ere aho batez onartu zuten.

Herriarentzako garrantzitsuak diren bi gai bozkatu eta onartu zituzten joan den astean Getarian egindako uztaileko ohiko udalbatzarrean: batetik, Eskualtxetan Eusko Jaurlaritzak egingo dituen alokairu sozialeko etxebizitzen planak hasierako onarpena jaso zuen; bestetik, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria idazteko 340.000 euroko partida ere onartu zuten. Biak aho batez onartu zituzten EH Bilduk (sei boto) eta EAJk (bost boto).

Eskualtxetan alokairu sozialeko etxebizitzak egin ahal izateko, Plan Berezia idatzi behar izan dute. Krean enpresak egin du hori, eta planaren arabera, 20 bat bizitokiko eraikina egingo dute herriko eremu horretan. Horrez gain, "udalak hala eskatuta", herritarrentzako garajeak egitea jaso du planak, baita etorkizunean Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailurako pasabidea egitea ere.

Getariako Udala pozik agertu da udalbatzarreko onarpenarekin emandako pausoarekin: "Udalarentzat pozgarria da 2020an lehen aldiz mahaigaineratutako ideia aurrera doala ikustea. Egitasmo honek etxebizitzaren arazoari aurre egiteko ere balioko du. Gainera, herriaren historian lehen aldiz, alokairu sozialeko bizitoki publikoak eraikiko dira. Garajeak eta igogailuaren lotunea planean sartu izanak ere proiektua aberasten duela uste du udalak".

Eskualtxetako proiektuan ez ezik, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria idazteko ere pausoak eman zituzten joan den astean, horretarako 340.000 euroko partida onartu baitzuen udalbatzak. Udalak azaldu duenez, "herria ondo ezagutzen duten arkitekto eta lege aholkulariek idatziko dute". Era berean, gogorarazi du HAPOak zehazten dituela hurrengo bi hamarkadetan "herria eta herritarren bizitza baldintzatuko dituen irizpideak", eta nabarmendu du "lehentasuna interes kolektiboari" emango zaiola, "berehalako kezken eta premia indibidualen gainetik".

Hala, udalak herritarren parte hartzea bultzatu nahi du HAPOa idazteko prozesu horretan, eta hori nola egingo den ere zehaztu du: "Lanketaren helburua hirigintza irtenbidea behar duten erronkak identifikatzea eta egiturazko soluzio zehatzak proposatzea da, eta, noski, bide hori, herritarrekin batera egin nahi da. Getariarrak prozesuaren protagonista izateko eta parte hartzea sustatzeko, jendaurreko hainbat saio, dibulgazio material banaketa eta, prozesuaren bukaeran, bilkura bat egitea aurreikusten da, baina irekita uzten da bidean, beharra ikusiz gero, bestelako lan saioak egiteko aukera ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide