Gaurtik hasita, Getariako Udalak hiru bat egunez bi esku hartze egingo ditu herriko bi lekutan: bata, Herrerieta kalearen hasieran eta bestea, Sahatsaga Goiko bihurgunean. Konponketa lanak direla eta, herriko pare bat gunetan ibilgailuentzako norabide bakarra egongo dela jakinarazi du.
Orain dela hiru bat aste eurite handiek eragindako kalteak konponduko dituzte Herrerieta kalean. Udalak azaldu duenez, egur zati batek hoditeria itxi eta errepidearen zati bat kaltetu zuen.
Beste alde batetik, Sahatsaga goiko biribilgunean "autoen abiadura gutxitu eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko" asmoarekin, zebrabidea "altxako" dute. Neurri honekin, gainera, "irisgarritasunean hobekuntza" egongo dela gehitu du udalak.
Aldaketak trafikoan
Konponketa lanek eragina izango dute herriko trafikoan. "Sahatsagako lanen beharren arabera, baliteke errei bat edo biak itxitzea eta ibilgailuen noranzkoa batera edo bestera bakarrik izatea", zehaztu du udalak.
Herrerietako lanek irauten duten bitartean, berriz, autoak kalearen hasieran eta biribilgunearen bitartean, goranzko norabidean bakarri ibili ahalko dira. Izarri parean, aldiz, beheranzko bidea itxi egingo dute.