Zumaiako Futbol Taldean hasi zuen futbol ibilbidea Ane Camposek (Getaria, 1999), eta Realean eta Oiartzunen jokatu ondoren, Eibarren ibili da azken sei denboraldietan. Orain, Athleticek fitxatu du, eta larunbat honetan bertan jokatuko du aurreneko partida talde zuri-gorriaren elastikoarekin.
Ekainaren 30etik Athleticeko jokalaria zara. Zer moduz aurreneko asteak?
Entrenamenduen bigarren astea da hau, eta sentsazio oso onak ditut. Eibarren sei urte pasatu eta gero, niretzat berria da klub berri batean eta jende berriarekin egotea, baina ari naiz ohitzen pixkanaka. Hasieran banuen beldur pixka bat, ea ondo egokituko nintzen, baina oso jatorrak eta pertsona onak dira guztiak, eta asko ari zaizkit laguntzen bai langile taldekoak, bai jokalariak.
Javier Lerga duzue entrenatzailea. Berria da zuretzat, baita gainerakoentzat ere, lehenengo denboraldia baitu Athleticen.
Bai. Oso profesionala iruditu zait, aurreneko bi aste hauetan intentsitate oso handian ari gara entrenatzen; asko exijitzen digu, eta guretzat ere ona da hori. Soilik bi aste daramatzagu elkarrekin, eta jada asko ikasi dut. Orain garrantzitsuena da ulertzea eta barneratzea berak partida bakoitzean eskatzen diguna.
Larunbat honetan bertan jokatuko duzue denboraldiaurreko lehendabiziko partida.
Bai, lagunartekoa daukagu Bragako [Portugal] Sporting taldearen kontra. Halako partidak politak izaten dira ikusteko zer sentipen ditugun eta jakiteko lehiatzeko zer puntutan gauden fisikoki eta taktikoki.
Eibarren jokatzetik zatoz. Badago saltoa Athleticera...
Desberdina da. Athletic Gipuzkoan, Euskal Herrian nahiz Espainian oso klub erreferentea da, eta txikitatik edukitzen dugun ametsa izaten da han jokatzea. Oso klub profesionala da, instalazioak ere halakoak dira, eta jokalariari ere exijitu egiten zaio. Helburuak ere hor daude. Aurreko urtean ikusi zen bezala, lehia guztietan ahalik eta goren ibiltzea da xedea.
Azken denboraldian, Txapeldunen Ligatik gertu gelditu zen Athletic. Denboraldi honetarako helburuak zehaztu dituzue, ala azkarregi da oraindik?
Oraindik azkar da, ez dugu hitz egin, baina uste dut ahalik eta goren gelditzea izango dela helburua: txapelketa guztietan lehiatu eta aurrera egitea, eta ahalik eta kopa edo titulu gehien eramatea etxera.
Eta zein da zeure helburu pertsonala?
Ahalik eta gehien gozatzea, ikastea, ahalik eta gol gehien sartzea Athleticentzat eta ahalik eta lehiaketa gehien irabaztea.
Liga abuztuaren 31n hasiko duzue, Teneriferen aurka, Lezaman. Zuretzat garrantzitsua izango da aurreneko hitzordu hori, eta baita Eibarren aurkakoa ere, ezta?
Bai, oso berezia. Denboraldiaurrean ere jokatu behar dugu Eibarren kontra, Euskal Herria Koparen barruan, eta oso berezia izango da Ipuruara kanpotar bezala sartzea, beste ate batetik, beste aldagela batera.
Erraza egin al zitzaizun Athletici baiezkoa ematea?
Bai. Beste pauso bat eman behar nuen nire futbol ibilbidean, eta pertsonalki ere pauso gehiago emateko behar nuen Eibartik pixka bat urruntzea. Athleticek nire aldeko apustua egin du, eta erabakia erraza izan zen niretzat.
Zer sentitu zenuen elastiko zuri-gorria jantzitakoan?
Partidak jokatzen hasteko sekulako gogoa. San Mamesen sinatu nuen kontratua, han ziren familiakoak ere, eta niretzat oso berezia izan zen estadio horretan egotea. Iaz emakumeek ere jokatu zituzten partida batzuk San Mamesen, aurtengo denboraldian ere hala egingo dugula espero dut, eta sekulako gogoa daukat.
Realekoa ala Athleticekoa zinen txikitan?
Ez batekoa, ez bestekoa. Txikitatik joan izan naiz bai Zubietara, bai Unbera, bai San Mames zaharrera. Lezamara ere joan izan naiz neskak ikustera, eta nire erreferenteak izan dira Ane Azkona eta Nahikari Garcia [Athleticeko jokalariak]. Haiek ikusten hazi naiz. Orain aldagela haiekin partekatzea sekulakoa da niretzat. Nahikari ez da taldean geldituko, eta pena handia eman dit. Asko ikasiko nukeen beragandik.
Ez zara familiako aurreneko futbolaria...
Aita eta anaia futbolean ibilitakoak dira, eta aitona Anselmok [Campos] Realean jokatu zuen. Ez nuen ezagutu, pena hori daukat, gustura entzungo nituelako haren aholkuak. Berak 8 zenbakiarekin jokatzen zuen, eta horregatik, nik ere zenbaki hori aukeratu nuen Eibarren.
Denok ezagutzen duzue elkar Getarian. Askok zoriondu al zaituzte fitxaketagatik?
Getariak 2.500 biztanle ditu, eta kirolari onak badaude, Irati Idiakez snowboarderra eta Mikel Rodriguez Reala Bkoa, orain aurreneko taldearekin dabilena, esaterako. Herri umila da hau, eta berehala pozten gara norbaitek zerbait lortzen badu.
Herriak egin zizun aitortza udaletxean, Eibarren jokatzen zenuenean taldea Lehenengo Mailara igo zelako.
Bai, eta alkateak eta udalekoek beti gelditzen naute kalean galdetzeko. Herritarrek ere zoriondu naute, Realekoak izan arren; horrek berdin dio, une hauetan banandu egin behar direlako nesken eta mutilen futbola.
Emakumeen eta gizonen futbola aipatu dituzu. Athleticen bertan, desberdintasun ikaragarria dago batzuen eta besteen artean...
Tira, kirol guztietan bezala. Nik ez ditut alderatzen, oso desberdinak direlako nesken eta mutilen futbola; horrekin bizi behar dela uste dut. Jendeak asko jarduten du, neskek mutilekin jokatu behar luketela-eta esanez, baina momentu honetan hobe da aparte jarraitzea.
Desberdintasuna soldatetan eta baldintzetan ere nabariko da... Emakumeok futboletik bizi zarete, adibidez?
Ni bai; bai Athleticen, bai Eibarren nenbilenean. Asko aldatu da hori.
Jokalari guztiek ezingo dute gauza bera esan, ezta?
Lehenengo Mailan, bai. Hitzarmenak lortu dira, eta gutxieneko soldata bat badaukagu, nahiz eta hori ziurrenik baxuegia izan. Beraz, ez dut esan nahi jokalariek ez dituztenik beste lan batzuk egiten agian, baina Athleticen eta Eibarren, jokalari gehienok futboletik bizi gara. Gauzak asko aldatu dira, eta asko ari dira aldatzen oraindik; garapenean da egoera. Duela hogei urte ezinezkoa zen futboletik bizitzea, eta orain esan dezakegu baietz, posible dela.
Alderdi fisikoa zaintzeko moduak ere asko aldatu dira azken urteetan kiroletan, baita futbolean ere.
Bai, alderdi oso garrantzitsua da, elikadurarekin batera. Partida gehienak azken minutuetan erabakitzen dira, eta jokalariok bete-betean egon beharra dugu aurreneko minututik 90. minuturaino. Horregatik, orain arreta handiagoa jartzen zaio alderdi fisikoari; gimnasioko lanari eta indar ariketei, esaterako. Oso garrantzitsuak dira bai lesioak saihesteko, bai zelaian gehiago irauteko, bai osasuntsu egoteko.