Igandean jokatuko dute VI. San Anton Bira

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 14a, 10:35

San Anton Bira proba baten hasiera.

Itsas zeharkaldia 10:00tan hasiko da Gaztetape hondartzatik, eta 2.600 metroko ibilbidea egingo dute igerilariek, San Anton mendia inguratu eta Malkorbeko hondartzan amaitzeko. Asteazken hau izango da izena emateko azken eguna. 

Getaitri triatloi taldeak dena prest dauka igande honetan jokatuko den VI. San Anton Bira itsas zeharkaldirako. Ohi bezala, igeriketa proba Gaztetape hondartzatik abiatuko da, eta San Anton mendia inguratu ondoren, Malkorbe hondartzan amaituko da.

10:00etan hasita, igerilariek 2.600 metroko ibilbidea egin beharko dute. Ibilbide osoa buia bidez seinaleztatuta egongo da, eta igerilariek beren eskuinetara utzi beharko dituzte buia horiek. Izarri punta gainditu ondoren, Masoparri aldera bideratuko dira partaideak, eta handik moilako dikeak inguratzera jarraituko dute. Azkenik, Malkorbe hondartza erdian kokatuko den helmugara joango dira.

Izen-ematea zabalik dago, eta asteazken honetan, hilak 16, itxiko dute, gauerdian. Internetez bakarrik eman daiteke izena, Kronoak.com webgunean. 15 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta dortsalak probaren egunean bertan jaso beharko dira, 08:00etatik 09:30era, helmuga eremuan, Gurutze Gorri aurreko kontsignan.

Sari banaketa eta parrillada

Sari banaketa 11:30 aldera izango da Gurutze Gorriaren eraikinaren ondoan, eta lehenengo hirurek garaikurra jasoko dute emakumezko zein gizonezko mailan. Lehen getariarrarentzat ere garaikurra egongo da, emakumezko zein gizonezko mailan.

Ondoren, Getaitrik parrillada eskainiko die partaide guztiei.

Proba ikusteko toki aproposenak

Ikusleek proba nondik jarraitu dezaketen ere azaldu dute antolatzaileek. Lehendabiziko zatia hondartzatik ikus daiteke, baita Viveros San Anton aurrean kokaturiko dikeko pasealekutik Ketarriraino ere. San Anton mendiko zeharkaldia bertara igota ikusi ahalko da ondoen, Katxapo edo itsasargiaren azpiko behatokitik.

Behin Masoparri punta gaindituta, San Anton mendiko bidetik eta dike ezberdinetako goiko espaloietatik igerilariak helmugaraino ikusi ahalko direla azaldu dute antolatzaileek.

Probaren amaiera, berriz, primeran ikusi ahalko da Malkorbe hondartza ingurutik, Artzapetik nahiz Katrapona plazatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide