18 eta 35 urte bitarteko getariarrei alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntza eskatzeko epea zabaldu du Getariako Udalak. Aipatu laguntza 2025-2027ko dirulaguntzen plan estrategikoaren barrukoa da, eta 9.000 euroko diru poltsa dago. Eska daitekeen laguntzaren zenbatekoa hileko alokairu prezioaren %75 izatera iritsi daiteke, baina zehaztu dute gehienez ere hilean 250 euroko laguntza izango dela eskaera bakoitzeko, eta gehienez 12 hilabeteko epealdirako izango dela.
Deialdi honetan 2025ko ekainaren 30era bitarteko alokairu gastuak soilik kontutan izango dira, eta 2025ko abenduan egingo den bigarren deialdiarekin, uztailetik abendura bitarteko gastuak ordainduko dira.
Baldintzak eta eskaera egiteko bideak
Aurkezten diren gazteek bete beharrko baldintzen artean dago urteko diru sarrerak, eskatzaile bakarra bada, gehienez 28.000 euro gordin izatea. Etxebizitza partekatzen badute, hau da, bi eskatzaile edo gehiago badira, urteko gehieneko diru sarrera 35.000 euro gordin izatea.
Informazio guztia esteka honetan dago eskuragarri, baita aurkeztu beharreko dokumentazioa ere. Eskaerak presentzialki egin daitezke udaletxeko harreran, edo elektronikoki esteka honetan, Eskaera Orokorra atalean.
Dirulaguntza deialdia joan den ostiralean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta , interesatuek, 15 egun baliodun izango dituzte eskaria aurkezteko.