Pasa den larunbatean, laugarren urtez jarraian, Nerea eta Andoni pala memoriala jokatu zuten Getarian. Aurten guztira hamar bikotek hartu dute txapelketan, eta lehia estu baten ondoren, Leyre Paredesek eta Joseba Esnalek eskuratu zuten garaipena. Antolatzaileak aurten ere "oso oso gustura" geratu dira herritarren parte hartzearekin.
Goizeko 09:30ean ekin zioten jardunaldiari herriko frontoian, eta eguerdira arte, eguraldia lagun, lehen zazpi partiduak frontoian bertan jokatu zituzten. Eguerdi aldera, aldiz, euria hasi zen, eta kiroldegira igaro ziren. Bertan azken bi partiduak –bigarren finalerdia eta finala– jokatu zituzten.
Partida oso politak eta lehiatuak izan zirela kontatu dute antolatzaileek, eta oro har, "giro ederra" bizi zuten. Finala ere, azken urteetan bezala, oso parekatua eta lehiatua izan zela esan dute, eta Leyre Paredes eta Joseba Esnal izan ziren garaileak, Julia eta Jon Galarragari 12-11 emaitzarekin irabazi ostean.
Finalaren ostean, sari banaketa ekitaldia egin zuten, eta Nerea zanaren bikote Imanolek eman zien saria txapeldunordeei: Itxaspe tabernako patata tortilla baten txartela, hain zuzen ere. Aldiz, Andoni zanaren ama Karmelek eman zien saria irabazleei: Kabian Take Away-eko bi otorduko txartela. Jarraian, Nerea eta Andoniren familiei ere lore sorta bana eman zitzaien. Egunari amaiera emateko, otordu txiki bat egin zuten kiroldegian, "indarrak berreskuratzeko".
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete, beste urte batez, memoriala posible egin duten guztiei: Getariako Udala, babesleak, partaideak eta senideak, besteak beste. "Guztiei esker, omenaldi polita, apala eta sentitua egin ahal izan genien Nereari eta Andoniri beste behin. Hurrengo urtera begira ere, memorialean parte hartzera gonbidatu nahiko genituzke herritar guztiak".