Abiatu dute dagoeneko Gure Txeru elkarteak antolatutako emakumezkoen Salbatore pilota txapelketako zortzigarren edizioa. Guztira, Euskal Herri osoko hamalau bikote arituko dira txapelarekin bila. Aurre kanporaketako partiden ostean, ligaxkari ekingo diote.
Atzo ekin zioten aurtengo txapelketari, aurre kanporaketako lehen jardunaldiarekin. Fase honetan lau jardunaldi jokatuko dituzte, eta atzokoaren ondoren, gaur izango dute bigarrena, asteazkenean hirugarrena eta datorren igandean laugarrena. Partida bakoitzeko irabazleak ligaxka fasera sailkatuko dira; galtzaileak, aldiz, txapelketatik. kanpo geratuko dira. Denak denen aurka arituko dira aipatu fasean, bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko lehen bi bikoteek jokatuko dituzte finalerdiak.
Partidak 22 tantotara izango dira eta herriko frontoian jokatuko dituzte. Eguraldiak laguntzen ez badu, Sahatsaga frontoira lekualdatuko dituzte.