Etxebizitza turistikoei eta bizilagunen komunitateei eragiten dien lege aldaketa bat sartu zen indarrean apirilaren 3an Espainiako estatuko lurralde guztietan. Zehazki, Jabetza Horizontaleko Legean egin dute aldaketa, eta ondorioz, etxebizitza, apartamentu edo logela turistikoa martxan jarri nahi duenak hemendik aurrera ezinbestekoa izango du komunitatearen gehiengoaren baimena; jabe guztien hiru bostenen aldeko botoa eskuratu beharko du.
Hala, jarduera sustatu nahi duen pertsonak komunitatearen berariazko baimena lortu beharko du, eta, gero, hori udalean aurkeztu.
Aldaketa horren aurrean, Getariako Udalak hainbat pauso eman ditu, eta proposamen zehatza ere egin die herriko jabekide komunitateei eta finken administrariei, "etxebizitza turistikoen jarraipen eraginkorragoa egiteko". Batetik, errekerimendua igorri die herrian zerbitzua eskaintzen duten sei finka-administratzaileei, komunitateetan hartutako erabakiak eta estatutuak aldatzeko akordioak udalari jakinaraztea eskatuz, alojamendu turistikoak debekatu edo baimentzeko.
Bestetik, finken administrazioak kudeatzen dituzten komunitateen zerrendak bidaltzea eskatu zaie, koordinazioa hobetzeko. Udalak azaldu duenez, aurrerantzean, alojamendu turistikoen erregistro berri bat izaten duen bakoitzean, udalak erregistroa egin duenari eskatuko dio komunitatearen baimena aurkezteko, Eusko Jaurlaritzari kasuan-kasuan dagokion erantzuna jakinarazi ahal izateko. "Administrazio profesionalik ez duten komunitateak daudela jakinik, beharrezko eta egoki ikusi da informazio hau herritar guztiei zabaltzea", gaineratu du udalak.
Getariako Udalak emandako datuen arabera, gaur-gaurkoz, 22 etxebizitza, apartamentu eta logela turistiko daude herrian erroldatuta.