Burka bat. Horixe eramango du gaur arratsaldean Lida Noori afganiarrak Getarian eskainiko duen hitzaldira –19:00etan, Zarautz jauregian, emakume afganiarrei buruz–. Ez jantzita, eskuetan baizik. "Burka soinean daramanak sentitzen duena ikusarazi nahi diet herritarrei segundo batzuez; halako jantzi batekin arnasa nola hartzen den senti dezaten nahi dut", kontatu dio hedabide honi telefonoz, Bilbotik. Han bizi da, 2021ean talibanak Afganistango gobernura iritsi zirenean egun batetik bestera erbestera jo behar izan zuenetik. "Esan zidaten nire bizitza arriskuan zegoela Espainiako enbaxadarekin neukan harremanagatik, eta familiarekin ihes egin behar izan nuen", azaldu du. Egun hartaz akordatzen denean "gorputz osoko mina" jartzen zaiola aitortu du. "Amaginarrebaren etxean ezkutatu behar izan genuen, eta nola-hala iritsi aireportura. Bidean bonba hotsak entzuten ziren etengabe", dio. Arrisku egoeran egon arren, ordea, azpimarratu du inoiz ez dela erraza norbere sorterria atzean uztea: "Familia, lagunak, etxea, lana, lurra... Konplikatua da bizitza osoa atzean uztea". Orain seguru dago, baina beldurra ez da erabat ezabatu; ez du aurpegi osoko argazkirik publikatzerik nahi.
Afganistanen Hispaniar Filologia ikasi zuen unibertsitatean, eta azaldu duenez, herrialde osoan aurreneko pertsona izan zen eskola pribatuetan gaztelaniazko eskolak eskaintzen. Zuzendaria izan zen eskola batean, baita unibertsitate bateko zuzendariordea ere. Zortzi urtez aritu zen gaztelania irakasten, eta harremana zeukan Espainiako enbaxadarekin. "Haiei esker alde egin ahal izan genuen handik", nabarmendu du bizpahirutan.
Hemendik borrokan
Emakumeen eskubideen alde ere aritu zen bere herrialdean, eta behin erbestean, ez da besoak gurutzatuta gelditu. Errefuxiatu eta migratzaileen aldeko Aryana fundazioko presidentea da, eta Yaran elkartearekin kolaboratzen du interprete lanak eginez, elkarte horrek munduko hainbat herrialdetako emakumeei laguntzen baitie erbesteratzen, tartean afganiarrei. "Hitzaldiak ematen ditut unibertsitateetan, eta Euskal Herrian nahiz Espainian dauden emakume afganiarrak babesten saiatzen naiz", azaldu du. "Bide bat" ere aurkitu nahiko luke "bere garaian espainiarrekin lan egin eta oraindik Afganistanen dauden emakumeei laguntzeko".
Yaran elkartearen bidez emango du gaurko hitzaldia Elan-Euskadik antolatutako 30. jardunaldien barruan. "Hitzaldian emakumeen eskubideez hitz egingo dut: emakumeek islamean dituzten eskubideez, eta Afganistanen, talibanen erregimenean, dituzten eskubideez. Izan ere, gure erlijioan eskubide berak dituzte gizonek eta emakumeek. Ikasketak dituen edonork eta irakurtzen duen edonork daki hori. Marokon eta Turkian, esaterako, emakumeen egoera desberdina da, hango erlijioa ere islama izan arren. Gure errua al da Afganistanen jaio izana? Guk ere aurpegi, odol eta gorputz bera dugu", esan du. Hunkitu egin da horretaz hitz egitean.
Afganistanen emakumeek egoera benetan gordina bizi dute gaur egun, eta horren berri ere emango du: "Emakumeek gaur-gaurkoz ezin dute etxetik irten ez bada oso gertuko gizon batek lagunduta, ezin dute ikasi, ezin dute gidatu eta derrigorrez jantzi behar dute beloa, baita burka ere. Ezin dute publikoki ozen hitz egin, burkaz estalita baizik".
Noorik nahiko luke bere herrialdera itzuli familia bisitatzera, han gelditu baitira, besteak beste, haren ama eta ahizpa, baina momentuz ezinezkoa da. Ahizpa ere unibertsitateko irakaslea dela esan du, baina gaur egun etxekoandrea izan beste erremediorik ez duela. "Arazo psikologikoak dituzte, animoz oso baxu daude Afganistanen emakumeak", esan du. "Ahotsa eman behar diegu, ez gaitezen haiez ahaztu. 21 milioi emakume dira, eta ezin ditugu denak handik atera".