Euskal Jaietan blai da gaur Getaria

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 31a, 15:22

Diana, musika eskolako trikitilarien kalejira, azoka eta Alaken taldearekin dantzaldia izan dute goiz partean kostaldeko herrian. 

Ohiturari jarraituz, maiatzeko azken asteburuarekin batera Euskal Jaiak ari dira ospatzen Getarian. Baserritar jantziak armariotik atera, dotore jantzi, eta kalera atera dira goizetik getariarrak. 

Atzo izan zituzten atariko ekitaldiak, frontoian, Gure Txeru dantza taldeko kideek eskainitako dantza ikuskizunekin. Eguna esnatzearekin batera, txistulari, trikitilari eta pandero joleekin diana izan dute. Ordubete geroago, 10:00etan, zabaldu dute frontoian kokatutako azoka. Sei postu jarri dituzte, eta ogiak eta pastelak, gaztak, taloak edo zerbeza artisauak erosi eta dastatzeko aukera izan dute. Poliki-poliki, jendea joan da hurreratzen, eta eguerdia heltzean, Getariako Musika Eskolako trikitilariek goizean zehar egindako kalejira bertan amaitzearekin batera, bete egin da pilotalekua. Dantzan aritzeko beste aukera bat ere izan dute frontoian bertan. 

Eguerdiko ekitaldiekin amaitzeko, Alaken musika taldearen kontzertua izan da plazan, baita taldeak jotako musikarekin dantza egitekoa ere. Elkanoren estatuaren bueltan aritu dira plaza dantzetan. 

Arratsaldean jarraituko dute ekitaldiek: 18:30ean, kantu-jira izango da Agosti eta Barrena taldearekin. Gauean, berriz, 22:00etan hasita, Itzal taldearekin erromeria izango da, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide