Dantza erakustaldia, Euskal Jai egunaren atarian

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 31a, 08:39

Euskal Jai eguna ospatuko dute gaur Getarian. Atariko gisa, Gure Txeru dantza taldeko kideek dantza ikuskizunak eskaini zituzten atzo kiroldegian. 

Euskal Jaian murgiltzeko aukera izango dute gaur getariarrek. Goizeko lehen ordutan hasi eta gauera arte, makina bat ekintza eta ekitaldi izango dituzte herrian: azoka, dantzaldia, trikiti eta pandero joleak, eta irrintzi lehiaketa, esaterako. 

Egun handirako girotze aldera, dantza ikuskizun bana eskaini zuten atzo Gure Txeru dantza taldeko lagunek. Ekaitz arriskuagatik, frontoian egingo zutena kiroldegira lekualdatu zuten. Erabaki egokia izan zen; haurren saioa akaso salbatuko zuten, ez, ordea, helduena, iluntze aldera ekaitza lehertu zen eta. 

Euskal dantzen ikuskizuna eskaini zuten Gure Txeruko haurrek eta gaztetxoek kiroldegian. Espero zen bezala, herritarrek harmailak bete zituzten. Urduritasunak alde batera utzi, eta dantza saio ederra eskaini zuen Gure Txeruko harrobiak. Bihar beste aukera bat izango dute dantzan aritzeko, Zumaian egingo duten Dantzari Txiki egunean.

Euskal Jaiko egitaraua

  • 09:00-10:00. Diana txistulari, trikitilari eta pandero joleekin, Sahatsaga Goitik abiatuta. 09:00etan Gazte Alaiak txistulari taldekoak, eta 10:00etan, Musika Eskolako trikitilari eta pandero-joleak eta Enbilen Pepitak panderistak.
  • 10:30-14:00. Azoka, frontoian, bertako produktuekin: gazta, barazkiak, ogia, ukenduak, garagardoa eta taloak, besteak beste.
  • 11:30. Musika eskolako trikitilariak, Alde Zaharrean nahiz plazan.
  • 12:30. Dantzaldia Alaken taldearekin. Muxikoak eta beste hainbat dantza, plazan.
  • Aldi berean, mikro irekia irrintziak botatzeko. Irrintzi onena sarituko du udalak.
  • Ondoren, Larrain Dantza.
  • 18:30. Kantu-jira Agosti eta Barrena taldearekin.
  • 22:00. Itzal taldearekin erromeria, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide