Gaur eta bihar ospatuko dute getariarrek beren festa kutunetako bat: Euskal Jaia. Gaur arratsaldean hasiko dituzte ekitaldiak, eta beti bezala, dantza izango da protagonista nagusia aurreneko egunean. Gure Txeru taldeak, aurten ere, emanaldi bikoitza eskainiko du. Berez herriko frontoian izaten da hitzordua, baina gaur arratsalderako ekaitza dago iragarrita, eta horregatik, kiroldegian izango dira ikuskizunak.
Aurrena haurren dantza emanaldia izango da, 18:00etan. LH1etik DBH1era bitarteko ume eta gaztetxoek parte hartuko dute, eta guztira 70 bat dantzari bilduko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Beti bezala, Gazte Alaiak txistulariek lagunduko diete. Gauean, berriz, Erroak zabaltzen dantza emanaldia eskainiko dute gaztetxoek zein helduek, eta horiekin batera ariko dira Gure Txeruko plaza dantzetako eta helduen taldeetako kideak ere. Denera 50 bat lagun elkartuko dira, eta Gazte Alaiak txistulari taldeaz gain, herriko trikitilariek, musika bandako kideek eta musika eskolako irakasle batzuek ere parte hartuko dute saioan.
Gure Eskuren aldeko talde argazkia
Bihar, berriz, egun osoko jaiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Egitaraua betikoa izango da, baina berrikuntza txikiak ere egongo dira. Trikitilarien kalejira, azoka, dantza saioa, irrintzi lehiaketa eta erromeria urtero egin ohi dituzte, eta aurten, horiei kantu jira gehitu die udalak, Ekaitz Esteban Kultura zinegotziak hedabide honi azaldu dioenez.
Zarauzko Agosti eta Barrena taldearekin ibiliko dira herritarrak kalez kale. Horrez gain, udalak Gure Eskurekin adostu du bihar ikurrina erraldoia jartzea frontisean, eta 13:00etan talde argazkia aterako dute Euskal Herriak erabaki lelopean, ekainaren 7an Bilbon erabakitzeko eskubidearen alde egingo den manifestazio nazionalerako deia egiteko.
Egitaraua
Gaur, ostirala
- 18:00. Gure Txeru dantza taldeko haurren dantza emanaldia herriko frontoian.
- 22:00. Gure Txeruko helduen dantza taldearen Erroak zabaltzen dantza ikuskizuna.
Bihar, larunbata
- 09:00-10:00. Diana txistulari, trikitilari eta pandero jotzaileekin, Sahatsaga Goitik abiatuta.
- 09:00etan, Gazte Alaiak txistulari taldekoak.
- 10:00etan, musika eskolako trikitilari eta pandero jotzaileak eta Enbilen Pepitak panderistak.
- 10:30-14:00. Azoka, frontoian, bertako produktuekin: gazta, barazkiak, ogia, ukenduak, garagardoa eta taloak.
- 11:30. Musika eskolako trikitilariak, Alde Zaharrean nahiz plazan.
- 12:30. Dantzaldia Alaken taldearekin. Muxikoak eta beste hainbat dantza, plazan.
- Aldi berean, mikro irekia irrintziak botatzeko. Irrintzi onena sarituko du udalak.
- Ondoren, Larrain dantza.
- 18:30. Kantu jira, Agosti eta Barrena taldearekin.
- 22:00. Itzal taldearekin erromeria, plazan.