Dena prest dute getariarrek aurtengo Euskal Jairako

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 27a, 11:16

Herritarrak dantzan Euskal Jai egunean. (Guka)

Ostiral arratsaldean hasiko dira ekitaldiak, eta ohi bezala, dantza izango da protagonista nagusia. Larunbatean, berriz, goizetik gauera trikitilarien kalejira, azoka, irrintzi lehiaketa, erromeria eta musika saioak izango dituzte aukeran.

Asteburuan ospatuko dute getariarrek beren festa kutunetako bat: Euskal Jaia. Ostiral arratsaldean hasiko dituzte ekitaldiak, eta beti bezala, dantza izango da protagonista nagusia aurreneko egunean. Gure Txeru taldeak, aurten ere, emanaldi bikoitza eskainiko du herriko frontoian. 18:00etan hasita, haurren dantza emanaldia izango da aurrena. LH1etik DBH1era bitarteko ume eta gaztetxoek parte hartuko dute, eta guztira 70 bat dantzari bilduko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Beti bezala, Gazte Alaiak txistulariek lagunduko diete. 

Gauean, berriz, Erroak zabaltzen dantza emanaldia eskainiko dute gaztetxoek zein helduek, eta horiekin batera ariko dira Gure Txeruko plaza dantzetako eta helduen taldeetako kideak ere. Denera 50 bat lagun elkartuko dira, eta Gazte Alaiak txistulari taldeaz gain, herriko trikitilariek, musika bandako kideek eta musika eskolako irakasle batzuek ere parte hartuko dute saioan.

Larunbatean, berriz, egun osoko jaiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Egitaraua betikoa izango da: trikitilarien kalejira, azoka, dantza saioa, irrintzi lehiaketa eta erromeria izango dira, besteak beste.

Honakoa da Euskal Jaiaren egitarau osoa:

Maiatzak 30, ostirala

  • 18:00. Gure Txeru Dantza Taldeko haurren dantza emanaldia.
  • 22:00. Erroak zabaltzen dantza ikuskizuna, Gure Txeruko helduen dantza taldearen eskutik.

Maiatzak 31, larunbata

  • 09:00-10:00. Diana txistulari, trikitilari eta pandero joleekin, Sahatsaga Goitik abiatuta. 09:00etan Gazte Alaiak txistulari taldekoak, eta 10:00etan, Musika Eskolako trikitilari eta pandero-joleak eta Enbilen Pepitak panderistak.
  • 10:30-14:00. Azoka, frontoian, bertako produktuekin: gazta, barazkiak, ogia, ukenduak, garagardoa eta taloak, besteak beste.
  • 11:30. Musika eskolako trikitilariak, Alde Zaharrean nahiz plazan.
  • 12:30. Dantzaldia Alaken taldearekin. Muxikoak eta beste hainbat dantza, plazan.
  • Aldi berean, mikro irekia irrintziak botatzeko. Irrintzi onena sarituko du udalak.
  • Ondoren, Larrain Dantza.
  • 18:30. Kantu-jira Agosti eta Barrena taldearekin.
  • 22:00. Itzal taldearekin erromeria, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide