Hilabete hasieran Euskal Autonomia Erkidegoan eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratu zuen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, eta 32 udalerri gehitu zituen, tartean Getaria. Txosten horren arabera, legeak horretarako ezarritako irizpide bat betetzen da bertan, hau da, alokairuaren prezioek EAEn erregistratutako KPIa baino % 3 gehiago egin dute gora herrian azken bost urteetan, % 21,2, zehazki.
Hori horrela, Getariako Udalak herria "eremu tentsionatu" izendatzeko lanketari ekin dio. Horretarako, besteak beste, udalerriko etxebizitza egoerari buruzko diagnostikoa eta hiru urterako etxebizitza-plana egin beharko ditu, baita etxebizitzarako sarbidea hobetu, merkatuaren gaineko presioa arintzeko. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskabide formala egin beharko dio.
Lanketa egiteko, Gislan aholkularitza enpresa kontratatu du udalak, eta lau hilabete inguruko iraupena izango duela aurreikusi du. Hona hemen tentsio eremu gisa izendatzeak ekarriko lituzkeen abantaila nagusiak
- Alokairu prezioaren arauketa
- Alokairuen igoerari mugak jar dakizkioke, prezioen gehiegizko gorakadak saihesteko.
- Jabeentzako pizgarriak ezar daitezke alokairu eskuragarria eskaintzearen truke.
- Laguntzetarako eta diru-laguntzetarako sarbidea
- Etxebizitzen birgaitze eta energia-eraginkortasuna hobetzeko diru-laguntzak lehenesten dira.
- Babes publikoko etxebizitza eskaintza handitzeko funts publikoak erabil daitezke.
- Sustapen berriak errazteko neurriak
- Etxebizitza eskuragarria eraikitzea sustatzen da, sustatzaileentzat baldintza abantailatsuekin.
- Kooperatibekin lankidetza sustatzen da gizarte etxebizitza proiektuak bultzatzeko.
- Maizterrak babesteko neurriak
- Etxe-kaleratze bidegabeen aurkako neurriak indartzen dira.
- Alokairu-kontratu egonkorragoak ezar daitezke, baldintza egokiekin.
- Etxebizitza hutsen kontrol handiagoa
- Hutsik dauden etxebizitzen jabeentzako tasak edo zehapenak ezarri daitezke, justifikaziorik gabe badaude.
- Hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura ateratzea sustatzen da.