Joanes Goitisolo eta Paula del Pozo nagusitu dira Getariako Triatloian

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 24a, 20:30

Bizia eta zorrotza da Getariako proba, eta garaileek nortasun horrekin irabazi dute bederatzigarren edizioa. Eguraldia lagun, egundoko giroa sortu da kirolarien eta kirolzaleen artean.

Baldintza klimatologikoak aldeko zituztela jokatu dute gaur arratsaldean Getaitrik antolatutako Getariako IX. Triatloia, eta hori biziki eskertu dute probara aurkeztu diren 400 kirolariek. Sprint distantziako zirkuitu azkarra zuten aurretik, bizia eta malkartsua, herriaren izaerarekin bat datorrena, eta txantxetarako tarterik ez da izan lehen postuetan nor baino nor aritu direnen artean. Azkenean, Joanes Goitisolo gernikarra eta Paula del Pozo alegiarra dira garaile helmugako arkua bakarrean zeharkatuz.

Malkorbe hondartzan eman diote hasiera probari, 16:00etan, eta hasieran gizonezkoak irten dira igeriketako zatia egitera; emakumeak, berriz, hamar minutu geroago. Hondartzaren ertz batetik bestera egin dute igerian, 750 metroko distantzia, eta segidan portuan atondutako box eremura sartu dira modalitate aldaketa egitera. 20 kilometroko bizikleta saio zorrotzaren ondoren –Garate gainetik, Meaga aldera jo eta handik Zumaia iritsita, Getariara buelta egin dute–, bi itzuli eman diote korrika herriari kale nagusitik helmugaratuz.

Gizonezkoetan, multzo txiki bat iritsi da lehenik igerian, eta jada podiuma osatu duten hiru izenak bertan ageri dira; Goitisolorekin batera, hor zeuden Mikel Arrasate lekeitiarra eta Aratz Aizpurua lekeitiarra. Txirrindularitzako saioa bukatu eta korrika hasi direnean, Goitisolo buru jarri da Arrasate orpoz orpo zuela, baina metroak aurrera egin ahala, aldeak handitzen joan da. Aizpurua, aldiz, atzeratuago zetorren. Azken txanpan, erritmoa bizitu du Goitisolok eta gisa horretan irabazi du Getariako Triatloia, 58:59ko denbora eginez, eta atzeko biak aipatu hurrenkeran iritsi dira; Arrasate bigarren (59:41) eta Azipurua hirugarren (59:48).

Emakumezkoetan, azken urtetan bezala, triatleta australiarren presentzia izan da proban, eta hori aise nabarmendu da, batik bat igeriketako zatian. Mikayla Messer izan da bizkorrena egundoko aldea aterata, baina txirrindularitzako zatia ez du osatu, alboko erreia inbaditzeagatik deskalifikatu egin baitute, eta atzeko multzokoak jarri dira aurrean. Eta guztien buru Paula del Pozo, non indartsu ekin dion korrikaldiari. Bigarren itzulirako, ordea, egindako ahalegina antzematen hasi da, baina hori ez da arazo izan erosotasunez irabazteko, 01:07:23ko denboran.

Iaz bigarren izan zen alegiarra, baina aurten pozez erdietsi du txapela. Bigarren postua Cecilia Ramirez mexikarrarentzat izan da (01:09:14), eta hirugarrena Briana Mow australiarrarentzat. Hauek biak elkarrekin ekin diote korrikako saioari, baina bigarren itzulirako, Ramirezek aurrea hartu du eta azkena utzi du australiarra. Paradoxikoki, ordea, australiarrak deskalifikatu egin dute, txirrindularitzan alboko erreia inbaditzeagatk; ondorioz, haren atzetik iritsi den Messerrentzat izan da hirugarren postua (01:11:10).

Bitxikeriak bitxikeri, lasterketa osoan, hasieratik amaieraraino, jendea egon da probako txoko ia guztietan parte hartzaileak txalotzen eta animatzen, eta hori triatletek asko eskertu dute, zalantzarik gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide