Erakusketa txiki apain bat, Balentziaga nor zen belaunaldi berriei erakusteko

Onintza Lete Arrieta 2025eko maiatzaren 22a

Bihar zabalduko ditu ateak Balentziaga, elkarrizketa baten sotiltasunak izeneko erakusketak, eta ikusgai egongo da 2026ko urtarrilaren 11ra arte museoko seigarren aretoan. Gaur eguerdian egin dute aurkezpen ekitaldia, Balentziaga museoan bertan.

Balentziaga, elkarrizketa baten sotiltasunak erakusketa aurkeztu dute gaur eguerdian Balentziaga museoan. Balenciaga markak museo-ingurune batean egiten duen lehen erakusketa da, eta museora gerturatzen direnek erakusketa txiki bezain apaina aurkituko dute, xehetasunez eta edertasunez betea. Bihar zabalduko ditu ateak erakusketak, eta ikusgai egongo da 2026ko urtarrilaren 11ra arte. Museoaren seigarren eta azken aretoan osatu dute lana, eta bertan, Cristobal Balentziagaren jantzi batzuk jarri dituzte ikusgai, Balenciaga etxeko Demna sormen zuzendariaren lanekin nahastuta. Guztira 31 pieza jarri dituzte. Bi diseinatzaileen arteko "elkarrizketa" sortzea izan da helburua, baita belaunaldi berriei Balentziaga nor izan zen erakusteko modu bat aurkeztea ere, gaurko sortzaileen begiradaren bitartez. Hala, bisitariak areto ilun-iluna aurkituko du, soilik bi sortzaileen jantzi zatiek argiztatuta. Mahuka bat hemen, soineko baten behealdea hor... erakusketaren hasieran xehetasunak dira protagonista. Ibilbidearen bukaeran, berriz, baten eta bestearen jantziak osorik jarri dituzte ikusgai. 

Gaur aurkeztu duten erakusketa Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan sortu zuten, eta Getariara ekarri aurretik, Kering enpresaren egoitzan erakutsi zuten, Parisko Laennec Ospitale historikoan.

Erakusketaren xehetasunak azaltzeko Getariako museoan izan da Gaspard de Massé Balenciaga etxeko ondarearen zuzendaria –prentsaurrekoaren ondoren berak egin ditu gidari lanak erakusketa aretoan barrena–. Ondoan izan ditu Miren Vives Balentziaga museoaren zuzendaria, baita euskal erakundeetako bi ordezkari ere: Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria, eta Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol diputatua. 

Massék iritzi dio Demnak eta Balentziagak bat egiten dutela diskrezioan, errespetuan eta teknikan, eta Balenciaga markaren sormen zuzendaria goraipatu du, haren "eskuzabaltasuna" nabarmenduz, eta zera gaineratu du: "Demnak elkarrizketa gutxi eman du, baina bere kolekzioek den-dena esaten dute".

Cristobal Balentziaga fundazioaren eta Balenciaga etxearen arteko lankidetzaren eta harremanaren garrantzia azpimarratu dute bai Vivesek, bai Salaberriak, eta Alvarezek, berriz, kultur ondarean ikerketak eta artxiboak duen garrantzia nabarmendu du. 

(Argazkik: Balentziaga museoa eta Onintza Lete Arrieta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide