Getariako Udalak, Portuetako agintaritzarekin elkarlanean, hirigunearen eta portuaren arteko hainbat ezponda egonkortzeko lanak egin ditu azken hilabeteetan. Tesinsa enpresa arduratu da esku-hartze horietaz, eta Gaztetape, Menditxo eta Malkorbeko magaletan burutu dituzte konponketa lanak. Lan hauek guztira 473.170,49 euroko kostua izan dute.
Lehen faseko esku-hartzeak bukatuta, bigarrenari emango diote hasiera, eta oraingoan ere Tesinsa izango da obra exekutatuko duen enpresa, eta udalak jakinarazi duenez, lanen kostua guztira 106.501,00 eurokoa (BEZ barne) izango da. Kontratuaren iraupena, aldiz, hiru astekoa izango da, eta lanen berme epea, berriz, sei urtekoa. Lanen zuzendaritza eta jarraipena proiektua idatzi duen Ikerlur Ingeneria Geoteknikoak egingo du.
Obra hauei esker, udalak egoera kaskarrean zeuden hiriguneko, eta San Anton mendiko ezpondak egonkortu nahi izan ditu, baita babes sistema berrien bitartez, herritarren segurtasuna bermatu ere. Gainera, datozen hilabeteetan "modu berritzaile batean" Malkorbe inguruan bio ingeneria bitartez hainbat zeregin egitea aurreikusi dute.