San Prudentzioko ermita bete du Joaquim Sempere idazleak bere saiakeraren aurkezpenean

Onintza Lete Arrieta 2025eko maiatzaren 21a

Sempere, San Prudentzioko ermitan, larunbatean liburua aurkezten. (SPL)

Larunbat eguerdian egin zuen aurkezpen-hitzaldia San Prudentzioren Lagunak (SPL) elkartearen eskutik.

Joaquim Sempere idazle, filosofo eta irakasle kataluniarra Getarian izan zen larunbat eguerdian, La tierra exhausta liburua aurkezten. San Prudentzioren Lagunak (SPL) elkarteak antolatuta, San Prudentzioko ermitan izan zen hitzordua, eta goraino bete zen tokia kataluniarraren solasaldiaz gozatzeko.

Aurkezpenaren ondoren, mokadua hartzen elkarrekin. (SPL)

Saiakera liburua ondu du Semperek, eta bertan, sei pertsonaiak dituzten elkarrizketen bitartez, hainbat gai jorratzen ditu egileak: trantsizio energetikoa, desberdintasunak, kolonialismoa... Diagnostikoak egiteaz gain, irtenbide posibleak ere lantzen ditu liburuak.

Argitaletxeek azaldutakoaren arabera, Semperek jorratzen dituen gaiak polemikoak dira, "galdera oso esanguratsuak planteatzera eramanez". Esaterako, honako galderak aurki daitezke liburuan: "Hazkunde ekonomikoa gelditu behar da? Bakarrik geldituko ote da? Posible al da kolapso soziala saihestea? Nola aurre egin larrialdiei, horietatik ahalik eta ondoen ateratzeko? Zein une historikotan gaude?".

(Argazkiak: San Prudentzioren Lagunak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide