'Bio eta Zabor' erakusketa ikus daiteke Getariako udaletxean

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 20a, 16:00

Materrek antolatu du egitasmoa, Getariako Udalarekin eta Iturzaeta Herri Eskolarekin elkarlanean; Babexak ere bat egin du proiektuarekin. Maiatzaren 25era arte izango da ikusgai erakusketa.

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak Bio eta Zabor erakusketa ibiltariaren irekiera berezia egin zuen atzo, Getariako udaletxearen sarreran, Haritz Alberdi alkatearen eta Iturzaeta Herri Eskolako LH 4ko ikasleen parte hartzearekin. Bertan, Zabor eta Bio itsas erraldoiak aurkeztu zituzten, haien abesti eta guzti, baita aipatu ikasleek egitasmorako eginiko marrazkiak eta mezuak ere.

Zero Zabor Uretan kanpainaren barruko egitasmoa da honakoa, eta Mater ontziak itsas
zeharkaldian zehar euskal kostaldean egiten dituen geldialdi-tokietara eramaten ari dira; abuztuan izango da Getariako portuan. Helburua da itsas hondakinen arazoaren inguruan hausnarketa bultzatzea herritarren artean, udalen eta eragileen laguntzarekin. Hain justu, horixe da Getarian aurrera eramaten ari direna.

Erakusketa publikoarentzat zabalik egongo da udaletxeko sarreran datorren astelehenera arte, maiatzaren 25ra arte. Bertan, Zabor hondakina irudikatzen duen itsas munstroaren erraldoia ikus ahal izango da, eta Bio bizitza posible egiten duten izaki bizidunen sare magikoaren erraldoia; horiekin batera, Iturzaetako ikasleen marrazkiak eta hainbat informazio afixa.

Proiektuan ere parte hartu du Babexa Getariako merkataritza elkarteak, eta erakusketa bukatu ostean, marrazkiak herriko establezimendutan jarriko dituzte erakusgai. Haurrek sortutako mezuak hausnarketarako deia direla zehaztu du Materrek, "hain bizkorra den gizarte honetan aldaketa eragiteko eta garrantzitsuena zer den pentsarazteko gonbidapena".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide