Lau egunez gozatuko dute sanisidroez Meagan

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 12a, 13:00

2022ko Meagako sanisidroetan, herritarrak giro paregabeaz gozatzen. (Amaia Urbieta)

Osteguna da San Isidro eguna, eta igandera bitartean, askotariko hitzorduak prestatu dituzte Getariako auzoan.

Maitzaren 15a, ostegunarekin, izango da San Isidro eguna, eta eskualdean hainbat herri eta auzotan prest dituzte festak ospatzeko egitarauak. Getariako Meaga auzoan, esaterako, lau egunez ibiliko dira jaietan murgilduta, ostegunean hasi eta igandera arte.

Ohiko egitaraua prestatu dute Artelatz kultur elkarteko kideek, Getariako Udalaren babesarekin. Ez da faltako txakolin eta sagardo dastaketarik, elizkizunik eta prozesiorik, ezta trikiti doinu eta mus txapelketarik ere.

Patata tortilla lehiaketa ere egingo dute festen azken egunean, igandean, eta antolatzaileek jakinarazi dute zer baldintza bete behar diren: batetik, parte hartzaileak auzokoa izan beharko du, edo getariarra; bestetik, patata tortilla etxetik eraman beharko da, eta 12:00 eta 12:30 artean aurkeztu; azkenik, derrigorrezko bi osagai eduki beharko ditu, alegia, sei arrautza eta patata, eta gainerako osagaiak norbere gustura gehitu ahalko dira.

Honakoak dira egunez egun izango diren ekintzak:

Maiatzak 15, osteguna:

  • 10:00. Txupinazoa eta ikurrin igoera, jaiei hasiera emateko. Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta. 
  • 11:00. Elizkizuna eta prozesioa.
  • Ondoren, txakolin dastaketa eta txerriki errea, auzo elkartearen inguruan.
  • 14:30. Auzoko edadetuen bazkaria Azkue hotelean.

Maiatzak 16, ostirala:

  • 22:00. Mus txapelketa azkarra, auzo elkartean. Izena han bertan eman beharko da 21:30-22:00 artean.

Maiatzak 17, larunbata:

  • 17:00. Haur jolasak eta, ondoren, txokolatada.
  • 21:30. Trikiti afaria auzo elkartean, Enaitz eta Erkizi trikitilariekin.
  • Ondoren. Festak jarraipena izango du auzo elkartean, musikaren laguntzarekin.

Maiatzak 18, igandea:

  • 12:00. Sagardo dastaketa eta txerriki errea auzo elkartearen inguruan. Gure Txeru dantza taldearen emanaldiak girotuko du tarte hori.
  • Jarraian, Izer eta Alabierren saioa, giroa alaituz.
  • 12:30. Patata tortilla lehiaketa, auzo elkartean.
  • Ondoren, bazkaria auzo elkartean lehiaketara aurkeztutako tortillekin.
  • 18:00. Izer eta Alabierrekin erromeria, auzo elkartean.
  • Ondoren, ikurrinaren jaitsierarekin, festen amaiera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide