Laugarrenez, prest dute guztia Nerea eta Andoniren Oroimenezkoa txapelketarako

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 10a, 08:00

Duela bi urteko txapelketako partaideak eta antolatzaileak. (Maria Maya Manterola)

Pala txapelketa mistoa ekainaren 14an jokatuko da Getariako frontoian, eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 30era arte.

2021ean zendu ziren Nerea Iribar eta Andoni Galarraga getariarrak, eta haiek gogoratzeko, pala txapelketa antolatzen dute 2022tik haien lagunek. Aurten laugarrenez egingo dute Nerea eta Andoniren Oroimenezkoa txapelketa, eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 30era arte.

Txapelketa ekainaren 14an, larunbatarekin, jokatuko dute herriko frontoian. Ohi bezala, egun bakarreko jardunaldia izango da: 09:30ean hasiko da lehia, eta 15:00 alderako amaitzea aurreikusi dute antolatzaileek.

Txapelketan parte hartzeko arauak aurreko urteetako berberak dira: 16 urte baino gehiago edukitzea eta bikotea neska eta mutil batek osatzea. Partida guztiak kanporaketak izango dira; hau da, partida irabazten duen bikoteak aurrera jarraituko du, eta galtzen duena kanporatuta geldituko da.

Gehienez hamasei bikotek parte hartu ahalko dute txapelketan, eta hala, guztira gehienez hamabost partida izango ditu Nerea eta Andoniren Oroimenezkoak: final zortzirenetako zortzi partida , final laurdenetako lau partida, finalerdietako bi, eta azkenik, finala. Partaide kopuruaren arabera, gainera, partidak 10, 12 edo 16 tantora jokatuko dituzte.

Hamaiketakoa eta sariak

Ohi bezala, txapelketa amaitzean hamaiketakoa egingo dute denek elkarrekin Berdura Plazan, eta finalera iristen diren bi bikoteentzat sari txiki bat ere egongo da, txapelketaren laguntzaileek emandakoa.

Honakoak dira memorialaren laguntzaileak: Getariako Udala, Indaux enpresako langileak, Itxaspe taberna, Txikota ikus-entzunezkoak enpresa, Kabian Take Away, Muga, BM Getaria eta Getariako Keta futbol taldea.

Izen-ematea

Ohi bezala, doakoa da pala txapelketan parte hartzea, eta izena korreo elektroniko bidez eman beharko da, palamemoriala@gmail.com helbidera idatzita. Izena ematean, bi partaideen izen-abizenak zehaztu beharko dira, baita harremanetareko telefono zenbaki bat ere.

Izena emateko epea egon arren, antolatzaileek zehaztu dute izen-emateak ordenaren arabera onartuko dituztela. Hau da, izen-ematen lehenak diren hamasei bikoteek hartu ahalko dutela parte txapelketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide