Joaquim Sempere idazle, filosofo eta irakasle kataluniarra Getarian izango da larunbat honetan, La tierra exhausta liburua aurkezten. San Prudentzio auzoan egingo du aurkezpen-hitzaldia, 12:30ean, hango auzo elkarteak antolatuta –San Prudentzioren Lagunak (SPL) elkartea–.
Saiakera liburua ondu du kataluniarrak, eta bertan, sei pertsonaiak dituzten elkarrizketen bitartez, hainbat gai jorratzen ditu egileak: trantsizio energetikoa, desberdintasunak, kolonialismoa... Diagnostikoak egiteaz gain, irtenbide posibleak ere lantzen ditu liburuak.
Argitaletxeek azaldutakoaren arabera, Semperek jorratzen dituen gaiak polemikoak dira, "galdera oso esanguratsuak planteatzera eramanez". Esaterako, honako galderak aurki daitezke liburuan: "Hazkunde ekonomikoa gelditu behar da? Bakarrik geldituko ote da? Posible al da kolapso soziala saihestea? Nola aurre egin larrialdiei, horietatik ahalik eta ondoen ateratzeko? Zein une historikotan gaude?".