Ostiralean hasitako festarekin jarraituz, gaur goizean ere ez da aspertzeko betarik izan Getarian. Atzo umeentzako tailerrak eskaini ondoren, gaurkoan Arrantzaleen eguna ospatu dute, eta meza, aitortza eta bedeinkapena izan dira bertan.
Zehazki, 10:45ean hasi dute Arrantzaleen meza Jesus Aldalurrek zuzendutako Getariako abesbatzaren laguntzarekin, eta ondoren Itsas Bedeinkapena egin dute Artzapen. Aldi berean, arrantzale zaharrei omenaldia ere egin diete bertaratu direnek. Kasaka eta zapia jantzita, asko izan dira Artzape inguruan elkartu diren herritarrak.
Aldi berean, baina uretan, Trainerilla Ligako hirugarren jardunaldia jokatu dute hainbat taldek, tartean etxekoek. Bertan izan dira, baita ere, eskualdeko beste herrietako ontziak ere: Zumaia, Zarautz eta Orio. Azken talde hori izan da nagusi, bai Gipuzkoako Federazio Kopan eta bai Gizonezkoen absolutuan. Getariak laugarren amaitu du aipatutako azken maila horretan, Zarautzek zazpigarren eta Zumaiak zortzigarren. Nesken maila absolutuan, aldiz, Zumaiak irabazi du.
Hurrengo larunbatean amaituko dute liga, eta orduan erabakiko da lehia nork irabaziko duen. Igandean, aldiz, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa jokatuko dute.