Getariako udalbatzak behin-behinean onartu du Potzuaga Gainean 200 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duen dokumentua

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 1a, 11:12

200 etxebizitzak egindakoan Potzuaga Gainak izango lukeen itxura irudikatzen duen marrazkia. (Getariako Udala)

Asteartean ezohiko udalbatzarra egin zuten, eta bertan, Getariako Arau Subsidiarioetako Potzuaga-Gaina eremu urbanistikoaren aldaketa puntuala onartu zuten. Gauzak ondo bidean, urtea amaitu aurretik behin betiko onartuta geldituko da dokumentua.

Asteartean ezohiko udalbatzarra egin zuten Getarian, eta, bertan, behin-behineko onarpena eman zioten Getariako Arau Subsidiarioetako Potzuaga-Gaina eremu urbanistikoaren aldaketa puntualari. Eremu horretan 200 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da; etxebizitza horietatik 110 babes ofizialekoak izango dira (% 55), 40 tasatuak (% 20) eta 50 libreak (% 25), eta 100 metro koadro izango dituzte etxebizitzek.

EH Bilduren aldeko sei botoekin onartu zen puntua; abstenitu egin ziren EAJko bost zinegotziak, nahiz eta Getariako Udalak argitaratutako oharrean aipatu duen gaiari buruz apirilaren 8an egindako batzordean dokumentua "aho batez" onartu zutela bi taldeek.

Oharrean udalak zehaztu du proiektuaren helburua zein den ere: "Getariarrek herrian bertan prezio duineko etxebizitza lortzeko aukera izatea da helburua".

Alegazioak eta aldaketak

Getariako Udalak 2023ko urrian jarri zuen martxan prozesua, eta Udalbatzak 2024ko urrian eman zion lehen onarpena Arau Subsidiarioen aldaketari. Azaldu du herritarrek hainbat alegazio egin zituztela, ordenazioaren hainbat alderdi aldatzeko eskatuz. Hala, zenbait aldaketa txertatu dituzte dokumentuan, "horietan esanguratsuena mugikortasunari loturikoa". Udalak jakinarazi duenez, "Herrerieta, Potzuaga, Erruera eta Sahatsaga kaleen artean sortzen diren bidegurutzeak seguruago egiteko helburuarekin, eremuaren bide-antolamendua aldatu da. Hasierako onarpeneko dokumentuan, gaur egungo errepideak, ahal zen heinean, bere horretan uztea zen helburua, baina behin-behineko bertsioan konfigurazioa aldatu egin da, erabaki horrek karga urbanistikoak handitzea dakarren arren".

Behin-behineko dokumentuan jasotzen ziren eraikigarritasuna eta gutxi gorabeherako etxebizitza-kopurua ez dira aldatu, eta ordenazioaren ildo nagusiei ere bere horretan eutsi zaie.

Bide luzea oraindik

Orain, dokumentuak Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen zerbitzuraren eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketaren Batzordearen aldeko txostenak eskuratu beharko ditu, eta ondoren, Getariako Udalak 7.000 biztanle baino gutxiago dituenez, Arau Subsidiarioen aldaketa, Potzuaga-Gaina eremuari dagokiona, Gipuzkoako Foru Aldundira bidali beharko da, behin betiko onarpena eman diezaion.

Udalak espero du dokumentua behin betiko urte amaierarako egotea onartuta. Hortik aurrera, Potzuaga-Gaina eremua garatzeko hirigintza-araudiak eskaturiko gainontzeko dokumentuen lanketa hasiko du udalak, hau da, kudeaketa dokumentuak, urbanizazio proiektua eta eraikuntza proiektua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide