Potzuaga Gaineko etxebizitza proiektuari hasierako onarpena eman dio Getariako Udalbatzak

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 31a, 15:11

Potzuaga Gaineko hirigintza proiektua ikusgai dago udaletxeko sarreran. (Juan Luis Romatet)

200 etxebizitza berri egitea jasotzen du proiektuak. Behin udalbatzaren erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, 45 eguneko epea zabalduko da ekarpenak eta helegiteak aurkezteko. 

Asteartean egin zuten Getariako Udaleko ezohiko udalbatzarrean Potzuaga Gainerako diseinatutako etxebizitza proiektuari hasierako onarpena eman zioten. Agintean den EH Bilduren sei zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten proposamena; EAJko bost zinegotziak, aldiz, abstenitu egin ziren. 

Behin erabakia eta proiektuaren behin-behineko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean, 45 eguneko epea zabalduko dute proiektuari ekarpenak egiteko edo helegiteak aurkezteko. Fase horren ondoren ekingo diote behin betiko proiektua diseinatzeari. 

Potzuaga Gainean etxebizitzak egiteko ideiak aldaketak izan ditu denboran zehar. Hasiera batean, 120 etxebizitza egiteko proiektua diseinatu zuten, baina plangintza hark ez zuen eraikitzaileen edo promotoreen interesa piztu. Pasa den urtean berridatzi zuten proposamena, eta 120 etxebizitza aurreikustetik 200 etxebizitza izatera pasatu da. Haritz Alberdi Getariako alkateak azaldu duenez, etxebizitza horietatik %75 babestuak izango dira –%55 babes ofizialekoak eta beste %20 tasatuak–, eta gainerako %25 merkatu librekoak. Etxebizitzek 100 metro koadroko azalera izango dute. Inguruan parke bat egitea ere aurreikusten du plangintzak. Horretarako 210 zuhaitzetik gora landatuko dituztela jasotzen du proposamenak.

2024. urte hasieran erakutsi zieten proposamena herritarrei, eta haiek izan zuten beraien ekarpenak egiteko aukera. Horietatik batzuk kontuan hartu zituzten eta ekainean zehar hirigintza proiektua garatu zuen Santiago Peñalbak gidatutako arkitekto taldeak

Getariako alkateak nabarmendu du udalak jarri zuela proiektua abian: "Ikusita getariarrek zer zailtasun dituzten beraien jaioterrian etxebizitzaren bat eskuratzeko. Bide beretik doa Eskualtxeta eremuan planteatutako etxebizitza sozialak hartuko dituen eraikina ere". Alberdiren ustez, planteamendu urbanistiko hauek bermatuko die getariarrei herrian bizitzen jarraitzea, ez belaunaldi honetarako, baita etorkizunerako ere.

HAPO berritzeko pausoak

Getariako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berritzeko pausoak ematen hasia da Getariako Udala. Potzuaga Gaineko plangintza, baina, gaur egun indarrean dagoen HAPOren barruan kokatuta dago. Izan ere, Alberdiren esanetan, plan zaharrak uzten du aipatu eremuan etxebizitzak egiten. "HAPO berria izan arte zain egon beharko bagenu, urte asko beharko genituzke lanak martxan jartzeko. Horrela, bi plangintzak martxan izango ditugu: etxebizitzak egingo ditugu Potzuaga Gainean eta, aldi berean, HAPO berria diseinatzeko pausoak emango ditugu, eta herria ez da geldirik egongo".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide