Getariako Udalak Herrerieta eta Balentziaga kaleak modu irisgarrian lotuko lituzkeen igogailu bat eraikitzearen beharra jaso zuen 2020an egindako Irisgarritasun Planean, eta igogailua eraikitzeko aurreproiektua idazteko eskatu zion Krean Ingenieritza enpresari. Horrek aztertu eta baloratu ditu egon daitezkeen aukerak, eta horiek herritarrei aurkezteko bilera irekia antolatu du udalak ostegun honetarako.
Bilera Zarautz jauregian izango da, 18:30ean hasita, eta bertan parte hartuko dute aurreproiektua idatzi duten enpresakoek eta baita udal arkitektoak ere.
Getariako Udalak azaldu du Ikersarea arduratu zela plana idazteaz, eta herriko kale eta eraikin publikoak aztertu zituztela, han eta hemen irisgarritasuna hobetzeko egin zitezkeen esku hartzeak proposatuz. "Txostenean plantetutako lanek herritarren bizi kalitatea hobetzea bilatzen dute, eta horretarako udalak leku publikoetan modu mailakatuan burutu beharko lituzkeen lanak aurreikusten dira". Horietako bat da Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko lituzkeen igogailuaren eraikuntza.
Igogailu hori jartzeko leku egokia J.A. Agirre Lehendakariaren plaza eta Euskaltxeta eraikinaren ingurua izan daitekeela aurreikusi du udalak.