Getariako Udalak 2023an proiektu bat abiatu zuen, Getariako ostatuetan idazleek astebetez beren sormen lanak egin ahal izateko, eta iaz hiru idazlek gozatu ahal izan zuten egonaldi horiez, tartean Iñigo Martinez Peña (Gasteiz 1975) filosofia eta psikologia irakasleak. Hark oraintxe argitaratu du bere saiakera liburua –Ezinezkoaren alde, hutsunea egungo bizimoduan–, eta ostegun arratsaldean Getarian izan zen herritarrei aurkezten, Zarautz jauregian.
Sormen egonaldietatik plazaratutako aurreneko lana da Martinezena. Saiaz hotelean egin zuen egonaldia iaz, eta ordurako aurreratuta zeuzkan liburuaren lanak; "amaieraren hasierarekin" aritu zela zehaztu zuen, eta ekitaldia aprobetxatu zuen eskerrak emateko egonaldien antolatzaileei.
Aurkezpena Uxue Alberdi idazleak egindako galderekin jantzi zuten, eta bien arteko solasaldi interesgarria bihurtu zen berehala ekitaldia. Amaieran, saioan adi-adi egon ziren entzuleetako batzuek ere parte hartu zuten, galdera filosofikoak eginez nahiz beren burutazioak Martinezekin eta gainerako herritarrekin partekatuz.
Gaur egungo mantra
Liburuaz hizketan hasi orduko, Alberdik liburuaren hasierako esaldi bat irakurri zuen: "Gaur egungo garaiaren ideologiaren kontra, ezinezkoaren balio existentziala aldarrikatzen duen saiakera da. Dena posible dela saldu nahi diguten garaian, zuri nola sortu zitzaizun –agian horrexegatik– ezinezkoaz pentsatzeko beharra?". Martinezek berehala erantzun zion: "Dena posible dela da gaur egungo mantra, eta liburuak aurkakoa planteatzen du, hau da, dena ez dela posible. Dena posible dela pentsatzeak zoratu egiten gaitu, ematen du aukera guztiak daudela zabalik, eta horrek antsietatea ere sortzen du".
Marina Garces filosofo katalanaren aipu bat egin zuen idazleak, ideiari jarraipena emateko: "Marina Garcesek dio bizi garela posibilitateen espetxean, eta horrek arreta deitzen zidan. Bere planteamendua da aukera guztiak zabalik ditugula, betiere merkantzia gisa ulertzen baditugu; hark dio errealitatea dela produktuen aukeraketa etengabea". Beraz, "dena da posible entzutea Spotify-n baldin badago, dena da posible ikustea Youtuben edo Netflixen baldin badago, eta dena da posible esperimentatzea, esperientzia kutxetan baldin badator, etab.".

Mezua marketin mundutik datorrela uste du Martinezek, baina gure gizartean hedatu egin dela. "Beraz, dena posible baldin bada, ez dago ezinezkorik; gure garaiak ezinezkoa ukatu egiten du, hori da [liburuaren] hipotesia. Helburua da mezu edo eslogan hori zalantzan jartzea, eta pentsatzea beharbada ikuspegi oso indibidualista batetik datorrela, paradoxa delako: batetik, indibidualki mundua jan behar dugula dirudi, hazkunde eta hobekuntza etengabean, baina bestetik, kolektiboki, batez ere entzuten da etorkizun katastrofiko bat daukagula, eta distopiak eta apokalipsiak irudikatzen ditugu".
Horri lotuta, auto- aurrizkiaren arrakasta sintomatikoa dela iruditzen zaio Martinezi: autoestimua, autoerregulazioa, autoerrealizazioa... "Irakurri nuen 1933an 55 hitz zeudela hiztegian auto- aurrizkiarekin hasten zirenak, eta gaur egun 176 daudela".
Liburua hainbat kapitulutan dago banatuta, eta ezinezkoaren gaia jorratu du arauak, bizitza, terapia, jakituria, intimitatea, jabetza, komunitatea eta maitasuna bezalako arloei lotuta. Kapitulu bakoitzaren hasieran aipuak datoz, eta Alberdik nabarmendu zuen askotariko egileak hautatu dituela Martinezek aipu horietan: Sokrates, Stalin eta Pitagoras daude, nahiz Joxe Miel Barandiaran, baina baita Mafalda edo Rolling Stones ere.
Berriro hutsetik hasteaz eta bizitzako hutsuneez
Alberdik liburuko "beste auzietako bat" jarri zion mahai gainean Martinezi solasaldiaren hasiera aldera, "berriro hutsetik hastearen inposibilitateaz" diharduelako Martinezek liburuan. "Hutsuneari forma ematea da kontua", azaldu zuen Martinezek. "Askotan entzuten da guztiarekin apurtzearen ideia eta hutsetik hastearena, bizitza berri bati ekitea... Liburuan aipatzen da bizitza bera berrirakurketa gisa, hasiera bakoitzak daukala elkarrizketa bat hurrengo momentu batekin, eta gustukoagoa dut jarraipenaren ideia, apurketa puntu argiarena baino. Iruditzen zait bizitzarekin, eta bizitzaren narratibarekin eta biografiarekin errealistagoa dela".

Alberdik Martinezi galdetu zion ea beretzat zer den ezinezkoaren alde egitea, baina hori testuinguruan jarri zuen aurrena: "Liburuan esaten da ezinezkoa dela existentziaren hutsunea tapatzea edo betetzea eta, aldi berean, gizakiak tematzen garela behin eta berriz hutsune hori estaltzen. Ulermenean, harremanetan, ahalmenetan... bizitza zuloz beteta dagoen arren, tematzen garela zulo horiek estaltzen, guztia ulertzearen edo kontrolpean izatearen ezinezko horren aurrean, zerbaiti heltzeko beharra dugulako.Eta zuk horren kontra egiten duzu, eta esaten duzu hutsuneari beldurra diogun arren, hutsuneei esker garela".
Martinezek azaldu zuen liburuan zehar ezinezkoa lotuta dagoela hutsunearekin, eta Alberdiren galderari erantzunez, esan zuen modu desberdinetara formula daitekeela ezinezkoaren alde egitea zer den hori, eta horietako bat da psikologiaren arlotik egin daitekeena: "Psikologikoki, ezinezkoaren alde egitea arnasgune bat izan daitekeela pentsatzen dut, lasaigarri bat. Muga guztiak hautsi eta ezinezko hori lortzearen atzean dagoen ideologiak frustazioa ezkutatzen du, ez lortzeagatik errudun sentimendua, nekezia... Beraz, psikologikoki, bizitzaren alde egitea da bizitza bizigarriago baten alde egitea, autoexigentzia gutxiagorekin". Ekonomia, filosofia eta pedagogia arloez ere aritu zen puntu horretan.
Bi idazleek solasaldi luze eta mardula eskaini zuten liburuan jorratzen diren hainbat gai eta ertz ukituz, eta antolatzaileek gogorarazi zuten aurrerago aurkezpen gehiago etorriko direla, Martinezekin batera egonaldia burutu zutelako iaz Olatz Mitxelenak eta Oihane Zuberoak.
Aurten, berriz, Jon Artanok, Miren Agur Meabek eta Garazi Arrulak egin dituzte egonaldiak herriko ostatuetan, eta horien lanak ere aurreratuta daudela jakinarazi zuten.