Asteburu honetan irekiko ditu ateak Getariako Cristobal Balenciaga Museoak, zazpi astez itxita egon ondoren. Bisitaririk jaso gabe egon den denboran museoko bildumari buruzko diskurtso berria lantzen aritu dira, eta horren emaitza da asteburu honetan bertan zabalduko duten erakusketa. Horren berri eman dute gaur goizean Getariako museoan eman duten prentsaurrekoan. Bertan izan dira museoko zuzendari Miren Vives, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendari Urkiri Salaberria Gracia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleria.
Cristobal Balenciaga. Teknika, Materia eta Forma du izena erakusketa berriak. "Erakusketaren izenburuak bost hitz ditu eta hitz bakoitzak Balenciagari buruzko gai zehatz bat lantzen du", azaldu du Vivesek. Hala, gela edo eremu desberdinetan banatu dituzte lanak, hitzaren edo gaiaren arabera. Cristobal hitzarekin Getariako maisuaren biografia landu dute; Balenciaga hitzak Parisko (Frantzia) George V.a etorbideko 10. zenbakiko aretoa eta Balenciaga etxearen sorkuntza irudikatzen ditu; Teknikak bere lan prozesuaren berri ematen du, eta Materia goi mailako ehungintzak eskaintzen dituen kalitate goreneko ehunen erakusleihoa da. Formak, aldiz, silueta berrien bidez, Balenciagak modaren historian utzitako aztarna jasotzen du.
Asteburu honetan zabalduko duten mostrak ibilbide berri bat proposatzen du museoko bilduma ikusteko, baita Balenciaga beraren figura, sormena eta egindako lana hobeto ezagutzeko ere, Getariako maisuaren testuinguru historiko eta geografikoan kokatuz. "Erakusketak joskinaren lanaren eta haren eragin eta ondarearen inguruko hurbilketa sakon eta didaktikoagoa bat planteatzen du", gaineratu dute.
Igor Uria museoko bildumen zuzendaria aritu da erakusketaren komisario lanetan, eta gaurko agerraldian azaldu duen moduan, 90 pieza baino gehiago aurkeztuko dituzte erakusketan zehar. "Horietatik 42 ez dira inoiz erakutsi", azpimarratu du museoko zuzendariak. Erakusketako pasarte batzuen bidez, bisitariei, "modako desfile esklusibo batean egoteko esperientzia" eskaini nahi dietela ere azaldu du Uriak prentsaurrekoaren ondoren egindako bisita gidatuan.
Ekintzak urtean zehar
Ez da erakusketa horretara mugatuko Balenciaga museoko aurtengo eskaintza. Izan ere, work in progress gisa definitu du egindako lanketa Vivesek. "Urtean zehar osatzen joango gara edukia", nabarmendu du. Hala, iragarri dutenez, udaberrian seigarren areto bat inauguratuko dute, non, museoan jasotako Balenciagaren obra-bilduma aurkeztuko duten bertan, beste sortzaile eta bilduma batzuetako lanekin batera. Bertan, Balenciagaren Parisko Artxiboetako lanak bilduko dituztela iragarri dute.
Urrian, berriz, Cristobal Balenciagari buruzko Nazioarteko II. Biltzarra egingo dute Getarian bertan. Haren bueltan, moda historikoaren eta garaikidearen akademiko, ikertzaile eta aditu ospetsuenetako batzuk, eta modaren hezkuntzako komunikazioko hainbat profesional bilduko direla aurreikusten dute.
Bisitari kopurua gorantz
Getariako museoak hartzen duen bisitari kopuruak hazkunde handia izan du 2011. urtean zabaldu zutenetik. Iaz, 91.000 bisitari izan zituztela azaldu du Miren Vivesek gaurko agerraldian, 2023an baino %35 gehiago. Aurrera begira, bisitan joango direnei aurrez txanda gordetzea gomendatu die, museoa ikusteko orduan esperientzia ona izateko urteko edoizein sasoietan. "Ez duguna nahi da jende hau Getariara etortzea aurrez txanda gorde gabe, eta beteta dagoelako joan behar izatea museoa bisitatu gabe", esan du.