Aurreko ostiralean argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) Getariako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko bekarako deialdia. Ikerketaren helburua da Getariako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak jasotzea. Izan ere, Getariako Udalak duela bi urte argitaratu zuen lehen aldiz beka hau, Berdintasun Planaren barruan. Hutsik geratu zen, ordea, eta EHUrekin hainbat harreman eginda, berriro ere deialdia egitea erabaki dute.
Getariako Udalarentzat "ezinbestekoa" da herriko emakumeek historian zehar eta esparru desberdinetan herriari egin dioten ekarpena ezagutzea: "Iraganean herriko emakumeek bizitza sozialean, lanean, arlo ekonomikoan, politikoan edota kulturalean jokatu duten papera ezagutu behar da gaur egungo gure Getaria ulertzeko eta etorkizuneko herria eraikitzen segitzeko", azaldu du udalak.
Horren harira, udalak emakumeen ekarpena zer-nolakoa izan den jasotzen hasi nahi du, emakumeei "zor zaien aitortza" egiteko. Deialdian emango den diru laguntzaren zenbatekoa 4.000 eurokoa da, eta parte hartzeko epea irekita egongo da martxoaren 31ra arte.
Bestelako diru laguntzak
Bestalde, gizarte mailako bazterkeria edota behar larriko egoerak leuntzeko herritarrei eta familiei zuzendutako 2025eko diru laguntzak ere atera ditu udalak.
Aditzera eman dutenez, 10.000 euroko diru partida da eta diru laguntza honek "bazterketa pertsonala eta soziala arintzea" du helburu, baita "baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko nahikorik ez duten herritarren gizarteratzea erraztea" ere. Getarian bizi diren pertsona eta familiak izango dira diru laguntza horien onuradunak.