Irati Idiakez: "Neure buruarengan gehiago sinesteko esaten dit psikologoak"

Unai Ugartemendia ('Berria' egunkaria) 2025eko otsailaren 26a

Irati Idiakez snowboarder getariarra, kristalezko globoa eskuetan duela. (Berria)

Irati Idiakezek bigarrenez irabazi berri du Munduko Snowboard Kopa. Pozarren dago, baina gehiago nahi du: getariarrak munduko txapelketa du begiz joa. Martxoan jokatuko du, Kanadan. Snowboarder getariarra elkarrizketatu du Berria egunkariak.

Denboraldi betean dago Irati Idiakez snowboarderra (Getaria, Gipuzkoa, 1996), eta, tarte horretan, Vielhan bizi da (Lleida, Herrialde Katalanak). Fisioterapeutarenean egon berri da, gogor entrenatu ondoren. Munduko Kopa irabazi berri du, bigarren aldiz, baina jo eta ke dabil, sasoia biribildu nahi baitu munduko txapelketan.

Nolakoa izan da Munduko Kopa?

Oso ona. Banked eslalomeko azken emaitzei esker irabazi dut bigarrenez kristalezko globoa. Azaroan, hasteko, Landgraafen [Herbehereak] jokatu genituen bi probak irabazi nituen, eta, orain gutxi Austrian irabazitako bi probekin amaitu dut. Oso-oso pozik nago.

Denboraldia bikain hasi zenuen.

Banekien asko entrenatu ginela, baina ez nuen espero Landgraafen irabaztea; asteburu berean jokatu genituen lehen bi probak. Denboraldi hasiera izan zen, eta, nahiz eta nik banekien zer moduz nengoen, ez nekien aurkariak zer sasoitan zeuden. Ziurgabetasun handia izaten da lehen probetan. Entrenamendu ofizialen egunean, bi jaitsiera bakarrik egin genituen zirkuituan, eta ez nuen aukera askorik izan aurkariak ikusteko. Ondo aritu nintzen, baina beti izaten da zalantza.

Estreinakoan ez zenuen huts egin.

Proba egunean, entrenatzaileak esan zidan gauza batzuk aldatzeko, eta taktika aldatu genuen. Sailkapen jaitsieratan lau sailkatzen dira finalerdietarako, eta, gero, bi onenek jokatzen dute finala. Jaitsiera bakoitzean nire denborak hobetuz joan nintzen, baina finalean oso gertu ikusten nuen nire aurkari gogorrena. Bukatu baino lehen, entrenatzaileak bazekien irabazi egin nuela. Ezin sinisturik helmugaratu nintzen. Emozioak jota, negarrez amaitu genuen entrenatzaileak eta biok.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, esteka honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide