Getariako Gaztetxearen kokalekua eta izaera, gero eta argiago

Onintza Lete Arrieta 2025eko otsailaren 21a

Zarautz jauregian aurkeztu zituzten hausnarketaren ondorioak. (Getariako Udala)

Eskualtxeta eraikina bota egingo dute, eta hausnarketa egiteko aprobetxatu dute aldaketa hori Getariako Udalak eta herriko gazteek eta gazte elkarteek. Turismo Bulego zaharra izan daiteke Gaztetxearen egoitza berria.

Getarian pausoak ematen ari dira Gaztetxe berriaren kokapenari dagokionez, baita Gaztetxearen eta udalaren arteko etorkizuneko harremanez ere. Irailetik hona udalak prozesu bat egin du herriko gazteekin eta gazte elkarteekin elkarlanean, Tipi kooperatibak gidatuta, eta prozesu horretan adostu dute hitzarmen bidez egingo dutela elkarlana Gaztetxeak eta udalak. Era berean, begi onez ikusi dute bi aldeek Gaztetxe berria Turismo Bulego zaharrean kokatzea –izan ere, gaur egun Gaztetxea kokatuta dagoen Eskualtxeta eraikina bota egingo dute alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko–.

Udalak "prozesu publiko-komunitario" gisa definitu du azken lau hilabeetan gauzatutako bidea, eta azaldu du horren helburuak bi izan direla: batetik, gaur egungo herriko gazteen aisialdi ohituren eta nahien azterketa egitea, eta bestetik, egungo Gaztetxearen leku aldatzeari buruzko lanketa egitea.

Gazte Asanbladak, bere aldetik, balorazio positiboa egiten du prozesuaz, Gukari azaldu dioenez. "Argi ikusi da herrian Gaztetxe autogestionatu bat behar dela, eta proiektu honek gazteen parte hartzea sustatzeko balio izan du. Pozik gaude gazteok antolatzeko eta Gaztetxe berri bat martxan jartzeko indarra dagoela erakutsi dugulako. Hasieran pertsona batzuek zalantzak bazituzten ere, orain argi dago gazteek elkarrekin lan egiteko gaitasuna dugula eta gure beharrak asetzeko espazio baten premia dagoela". Udalak, berriz, azaldu du denen artean hartutako erabakien artean dagoela Gaztetxea elkarte bezala erregistratzea, eta hemendik aurrera proiektu eta hitzarmenekin lan egitea. "Gaztetxean parte hartzeko modu ezberdinak ere definitu dira; Gaztetxeko Asanblada, asanblada irekiak, auzolanak eta laguntza sarea", azaldu du udalak.

Turismo Bulego zaharra

Gaztetxearen egoitza berria Turismo Bulego zaharrean –herriko autobus geltokiaren aurrean– kokatzea aukera ona dela uste du Gazte Asanbladak, baina ez ditu beste ate batzuk itxi nahi: "Turismo Bulegoaren kokalekua egokia da Gaztetxea eta [musika] entsegu lokal bat elkarrekin txertatzeko. Herriaren erdigunean egoteak herritarren parte hartzea erraztuko du eta erabilgarritasuna handituko du. Halere, proposamen honek oraindik ziurgabetasun batzuk eragiten ditu, espazioak obra eta egokitzapenak behar dituelako. Horregatik, alternatibak baloratzen ere ari gara, hala nola Tintalekua edo Nautikoa, zeinak egokiak izan daitezkeen Gaztetxearen beharretarako".

Eskualtxeta eraikina noiz botako duten ez dakite, Eusko Jaurlaritzaren esku baitago hori, baina gazteek argi dute ezin dela Gaztetxerik gabeko tarterik onartu: "Gaztetxeak herriko gazteen topagune eta antolaketa gune gisa funtzio garrantzitsua betetzen du, eta hutsune hori saihesteko konponbide bat behar dugu. Etorkizuneko espazioaren ziurtasuna bermatzea ezinbestekoa da gure proiektua aurrera eramateko", azaldu dute. Bide batez, gogorarazi dute Gazte Asanbladaren ateak zabalik daudela eta nahi duen orok parte har dezakeela batzarretan. Horiek astearteetan egiten dituzte, 18:30ean.

Turismo Bulego zaharrari dagokionez, udalak jakinarazi du itokinak direla-eta konponketa lanak egin behar direla bertan, eta horretarako 30.000 euro bideratu dituela. "Gainera, 2025eko aurrekontuetan 224.000 euroko partida bideratu dugu espazio berri horri irtenbidea emateko helburuarekin", kontatu du erakundeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide