Goizean goiz, 06:00ak aldera. Ordu horretan entzun zitekeen garai bateko Getarian arrantzaleen sirena. Arraina portura iritsi zela iragartzen zuen nagusiki, eta jasotzen zuten arrain motaren arabera, desberdina izaten zen soinua. Herritarrek Gukari kalean adierazi diotenaren arabera, soinua behin entzuten baldin bazen antxoa arrantzatu zutenaren seinale zen; bi aldiz jotzen bazuten, berriz, arrain zakarra iritsi berri zen portura: sardina, berdela, txitxarroa... Azken horri buruz ideia bat ere gehitu du herritar batek: "Garai hartan ez zuen horrenbeste balio txitxarroak, antxoa zen gehien baloratzen genuena, horrek ematen baitzuen dirua".
Horrekin lotuta, herritarrak Kale Nagusian zehar zeuden negozioekin ere gogoratu dira. "Etxepeetan zeuden negozioak, eta horietan gazitzen ziren arrainak", diote. Orokorrean, herrian sirena entzutea "aberastasunaren seinale" zela diote getariarrek: "Orain turismoa eta industria ere baditugu, baina garai batean egoera ez zen berbera".
Arraina portura iritsi zela iragartzeaz gain, ordea, bazuen beste funtziorik sirenak; horietako bat istripuen berri ematea: "Itsasontziren batek istripua izan bazuen edo arrantzale bat itsasoan galduta geratzen bazen, jakinaren gainean jartzen gintuen sirenak", adierazi du Getariako okindegi batean berriketan dagoen kuadrilla batek. Egoera horietan, asko eta asko portura jaisten ziren, "arrantzatutakoa ikusteko, erosteko edo gertatutakoaren berri izateko asmoz". Horretaz gain, eguraldiaren berri emateko ere erabiltzen zuten soinu hori. "Orain, teknologiaren bitartez, itsasontzietako kideek badakite non dauden portuak, baina garai batean soinuaren bitartez jakiten zuten gertuago edo urrunago zeuden", gehitu du kuadrilla berak.
Sirenaren lekuaz ere mintzatu dira herritarrak. Haiek azaldu dutenez, gaur egun dagoen lekuan zegoen antzina ere, baina, gero, Kofradia Zaharraren ingurura jaitsi zuten. "Zenbait etxetan gehiago entzuten zen, eta batzuk gogaitu ere egin ziren", gehitu dute adinekoenek.
Gogaipen horrek eraginda eta turismoak erakarritako bisitarien ondorioz, kendu egin zuten duela hogei bat urte sirena. "Enbarazu egiten omen zuen, baina ni ere gauza askok gogaitzen naute, eta hemen jarraitzen dut", dio getariar batek haserre.
Iritzi kontrajarriak
Garai bateko usadioa berreskuratzea begi onez ikusi dute Gukarekin topo egin duten getariar gehienek. "Garai bateko arrantzaleei aitortza egiteko modu bat da, eta hori oso ondo iruditzen zait niri", dio etxera bidean zihoala galderak erantzun dituen mutil gazte batek. Kafetegiko kuadrillakoen iritzia ere antzekoa da. "Lehengo tradizioa da, eta ilusioa egiten du berriro entzuteak", diote.
Beste muturrean, bada herrian ohitura zaharra berreskuratzeari "zentzu handirik" ikusten ez dionik ere. "Portura iritsi baino lehenago jada informazioa pasatuta edukitzen dute itsasontziek, eta erosleek ere badakite zenbat arrain arrantzatu duten. Lehen zioten, gainera, jendea esnatu egiten zela zaratarekin. Hori horrela izanda, zer funtzio du sirenak?", dio frontoi alboan eserita dagoen gizonezko batek.
Iritziak iritzi, laster jarriko dute martxan sirena, eta egunean behin bakarrik joko dute, 11:00etan, hain zuzen ere.